Baloia berriro ere biraka da zelaian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:00
Texas Lasartearra taldeko alebinak larrialdi-egoera osteko lehen saioan. Arg.: Texas Lasartearra.

Kirol jarduerak ere normaltasunaren bidean dira eta horren erakusle, herriko kirol taldeak dira. Pausoz pauso  denboraldi berriari begira lanean hasi dira eta batzuk dagoeneko kirol instalazioetan ari dira entrenatzen

Texas Lasartearra taldeko kideak izan dira lehenetarikoak. Lehengo astean hasi ziren talde batzuk eta aste honetan, alebinak ere izan dira Michelin Kirol guneko futbol zelaian entrenamenduak egiten. 

Segurtasun neurriak jarraituz,  entrenatzaileen azalpenak adi entzun eta taldeetan banaturik ariketa ezberdinak egin dituzte. 

Ez dira aurki zelaian bakarrak izango. Ostadar SKTko futbol taldeek koordinatzaileak jakitera eman duenez, Ostadarreko taldeak hurrengo asteetan hasiko dute euren jarduna.

Taldeak pozarren daude berriro ere zelaian entrenatu ahal dutelako.