Gora egin du positibo berrien kopuruak: hamabost EAEn, azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 17:50

Ekainaren 30eko datu eguneratuak eskaini ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Horien arabera, bosna positibo berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 24 orduetan. Herriz herriko datuei dagokienez, aldaketarik ez Lasarte-Orian: ekainaren 22ra arte 53 pertsonari eragin die COVID-19ak.

Azken 24 orduetan gora egin dute atzemandako kasu positibo berriek: hamabost detektatu dituzte EAEko hiru lurraldeetan, bakoitzean bost, PCR proba bidez. Horiekin, 21.006 dira koronabirusak kutsatu dituenak EAEn. Negatibizatuak izan dira horietatik 13.815, eta ospitaleko alta jaso dute beste 4.326k. Bi pertsona gehiago hil dira koronabirusagatik ekainaren 30ean; guztira, 1.615. Sei paziente daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan ingresatuta; azken bi asteetan ingresatu dituzte bi berrienak. R0 edo birusaren birsortze-tasa 0,93koa izan da pasa den hilabeteko azken egunean.

Herriz herriko eta eskualdeko datuak

Lasarte-Orian 53 pertsonari eragin die koronabirusak, Osasun Sailak ekainaren 22ra arte jasotako datuen arabera. Herriz herriko zifrak eguneratzen ditu baldin eta egunez egun kasu berriren bat atzematen badu. Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan ere ez da aldaketarik egon: guztien datuak batuta, 226 pertsonak pairatu dute COVID-19a:

  • Hernanin, 66 pertsonak
  • Lasarte-Orian, 53k
  • Andoainen, 48k
  • Urnietan, 22k
  • Astigarragan, 21ek
  • Usurbilen, 16k