Ostadarreko Atletismo atalak uztailaren 6tik 30era Atletismo aisia eskolak antolatu ditu, Michelingo Kirol guneko atletismo pistan.
Astean hiru egunetan, astelehena, asteazkena eta osteguna, ordu betez atletismoan trebatzeko aukera izango dute 8 eta 13 urte arteko gazteek Ostadarreko entrenatzaileen eskutik. 10:00etatik 12:30era txandaka parte hartu ahalko da ekimenean.
Atletismo ataldeko arduradunek jakitera eman dutenez, ekimen honek bi helburu ditu: batetik, atletismoko trantsizio-etapa bat egitea da, irailean jarduerara itzultzeko, eta bestetik, atletismoa probatu nahi duenari aukera bat ematea.
Izena ematea hilabete osokoa, 30 euro, edo erdikoa, 20 euro, izan daiteke. Inskripzioa 667 048 756 zenbakian edo aberakoetxea@gmail.com posta elektronikoan egin behar da. Izena ematen duten haurren eta adinen arabera antolatuko dira taldeak.
Ataleko arduradunek nabarmendu duten bezala, “jarduera hau ez da Ostadarreko atletentzat bakarrik, interesa duten guztientzat dago irekita”.