Arteaga II.ak, sentsazio onak itzuleran

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 11:00
Axier Arteaga, artxiboko irudian.

Axier Arteaga, Arteaga IIak larrialdi-egoera osteko bere lehen partida ongi gainditu zuen. Ibai Zabalarekin batera Elordi eta Oier Etxebarria, 20-22 garaitu zituzten

Hiru hilabeteko etenaren ostean, ostiralean, Zeanurin itzuli zen Axier Arteaga, Arteaga IIa lehiatzera. Masters Caixabank txapelketako aurretiko partidan Ibai Zabala izango zuen bikote eta aurrez aurre Elordi eta Oier Etxebarria. Baina partida hasi baino lehen beldur zen herritarra. "Hainbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, azken entrenamendua ere nahiko justu egin nuen," onartu du pilotariak.

Jolasean hasi bezain pronto ordea, mamu guztiak uxatu zituen herritarrak. "Egia esan gauzak oso ondo atera zitzaizkidan. Sentsazio oso onak izan nituen eta oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Ibai Zabalak ere bere lana egin zuen".

Partida gogorra jokatu zuten bi bikoteek Zeanuriko Ibarreta pilotalekuan. Lehen tantoak Arteaga II eta Zabalaren aldekoak izan ziren. Tartea irekitzea lortu zuten, 6-14. Baina bikote gorriak ez zuen garaipena erraz salduko eta pilotak izan zituzten lagun.

"Hasieran bazirudien partida errazago puskatuko genuela, baina gakoetako bat izan zen pilotak geratu egin zirela, moteldu ziren," azaldu du herriko pilotariak.

Arerioak hobeto moldatu ziren pilota motelera eta jokatzeko eremua murriztu zuten. "Oier Etxebarria ez genuen hainbeste atzeratzen eta espazioak murriztu egin ziren. Bosten barruan hasi ginen jokatzen eta orduan, txokoko pilotetara iristen zen eta tantoa amaitzea zaildu egin zen".

Ondorioz, arerioak gerturatzen joan ziren. Lehenik 17na berdindu zuten, 11-3 partziala eginez. Markagailuan aurre hartu zuten berriro ere urdinek, 18-20, eta berehala 20na berdindu zuten norgehiagoka Elordi eta Oier Etxebarriak.
"Azkenean larri irabazi genuen," nabarmendu du herriko pilotariak. Izan ere, ongi landutako bi tantoren ostean, lortu zuten Arteaga IIak eta Zabalak garaipena.

Bikote aldaketa

Larunbata honetan, uztailaren 4an, Zaldibarren izango da herritarra. Zortzi egunen ostean, berriro ere, Ibai Zabala, Elordi eta Oier Etxebarriarekin batera jokatu du herritarrak. Oraingoan, aldiz. ASPEko Oier Etxebarria izango da bere bikotekide.

Lehen aldia da Oier Etxebarriarekin batera jokatuko duena. "Ea ongi moldatzen garen. Ea sentsazio onekin amaitzen dudan, gustura  sentitzen naizen kantxan eta aurrekoan bezalako partida bat egiten dudan," adierazi du Arteaga IIak.
Izan ere, lehengo asteko partida ikusita, larunbatekoa ere gogorra izango dela iragarri baitu herritarrak. 

Ordezko izan
Arteaga IIak onartu duenez, bere onena eman nahi du jokatuko dituen partidetan. Herrietako jaialdiak bertan behera geratu direnez, Masters Caixabank txapelketatik kanpoko partida gutxi iragarriko direla uste du herritarrak. "Uda honetan txapelketa ofizial bakarra egongo dela dirudi, Masters Caixabank. Beraz, txapelketa bateko partidak jokatzeko aukera bakarra izango litzateke ordezko moduan partidaren bat jokatzea. Eta horretan saiatuko naiz ahalik eta maila onena ematen eta erakusten, ordezko izateko". 

Hala ere, badu beste helburu bat buruan, buruz buruko txapelketa. Abuztutik aurrera,  prestatzen hasteko asmoa duela iragarri du.