Bost kasu positibo berri EAEn azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ekainaren 30a

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ekainaren 29ko datu eguneratuak eskaini ditu. Horien arabera, EAEko hiru lurralde historikoetan bost koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan: hiru Gipuzkoan eta bana Araban eta Bizkaian. Ekainaren 22ra arte bildutako datuek diotenez, 53 pertsonari eragin die COVID-19ak Lasarte-Orian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.963 pertsona kutsatu dira orain arte, Osasun Sailaren datu ofizialen arabera: 7.909 Bizkaian, 3.348 Araban eta 2.315 Gipuzkoan. Horietatik 13.787 negatibizatuak izan dira eta ospitaleko alta jaso dute beste 4.316k. Pertsona bat hil da koronabirusagatik azken 24 orduetan; honezkero 1.613 zendu dira EAEko hiru lurraldeetan. Osatu nahian dabiltzan pazienteetatik sei daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan ingresatuta. R0 edo birsortze-tasa 0,75ekoa da EAEn.

Herriz herri eta eskualdekako datuak

Osasun Sailak aldatu egin du herriz herriko datuak emateko modua: zifrak eguneratzen ditu baldin eta egunean-egunean kasu positibo berri gehiago atzeman edo egiaztatzen badira. Lasarte-Orian kasu positibo berririk ez da erregistratu azken asteetan, eta ekainaren 22ra arteko datuen arabera, 53 pertsonari eragin die koronabirusak. 

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan 226 kasu detektatu dituzte ekainaren 29ra arte:

  • Hernanin, 66
  • Lasarte-Orian, 53
  • Andoainen, 48
  • Urnietan, 22
  • Astigarragan, 21
  • Usurbilen, 16