Uztailean errepidean lasterka

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 30a, 09:00
Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek hainbat podiumetan izan ziren etenaldia baino lehen. Irudian, Eibarko sariko helmugaratzea. Arg.: Gipuzkoako txirrindularitza federazioa.

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek uztaila amaieran emango diote hasiera lasterketa garai berriari

Ekainaren 15ean, Euskadiko txirrindularitza Federazioak uztailaren 26tik aurrera lasterketak antolatu daitezkela jakinarazi zuen eta hurrengo hilabete amaieran, Buruntzazpi txirrindularitza eskolako junior eta kadete mailako txirrindulariak lehian hasiko dira berriro.

Junior mailako kideek uztailaren 27n, bakarkako erlojupekoa izango dute Aizarnazabalen eta Beasainen lehiatuko dute itxialdiaren osteko bigarren lasterketa, Gipuzkoako Klasika.

Aizarnazabaleko erlojupekoan, Gipuzkoako txapelketa egongo da jokoan eta rankingeko lehen hamabiek bakarrik parte hartuko dute. "Pena ematen digu hamabik bakarrik parte hartu ahal izatea, baina egoera aztertuta, egokia iruditzen zaigu kutsadurak ekiditeko. Beasainen, ordea, denek parte hartu ahalko dute".

Kadete mailako txirrindulariek egun bat lehenago hasiko dute lehia, uztailaren 26an, Azpeitian.

Eta COVID-ak ahalbidetzen badu, urrira arte luzatuko da bi maila horietako txirrindularien lasterketen egutegia.

"Guri bakarkako, zein taldeko erlojupekoak antolatzea gustatuko litzaiguke. Egun ezberdinetan, multzo murriztuetan... Gipuzkoako txirrindulariek parte hartzeko. Baina hori antolatzeak zein kostu eta kudeaketa maila behar duen badakigu eta ez da posible," onartu dute Txirrindularitza eskolako kideek.

Infantil eta alebin mailei dagokionez, oraindik ez dakite noiz hasiko diren lehian, ezta lehiatu ahalko diren ere.