Sorgin Dantza inprobisatu bat igandea amaitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 29a, 17:27

Ekainaren 28a egun handia da Sorgin Dantza maite dutenentzat, orduan ateratzen baitira lasarte-oriatarrak blusa grisa eta zapi zuriak soinean, zortzikote gazte zein helduaren atzetik, herria alaituz eta sorginduz. Aurten ezin izan da ekitaldi hori ohiko moduan ospatu, baina herritar talde batek ezin izan dio gorputza astintzeko gogoari eutsi eta Okendo plazara joan da, bozgorailu eta guzti. Bi ilara osatu, eta Sorgin Dantza dantzatu dute, maskarak jantzita (gehienek) eta distantzia mantenduta. 

"Niretzat hauek dira festak: Sorgin Dantza batez ere, erromeriak, musika eta dantza..." esaten zigun herritar batek atzoko Sorgin Dantza inprobisatua amaitu eta gero, oraindik egindako esfortzutik osatzen ari zela. Berak eta beste 50 bat pertsona animatu dira herritar talde batek antolatutako ekitaldian parte hartzera. 

Mikel Eskisabel arduratu da dantzariak gidatzeaz, Oriako Sorgin Dantzaren bandera zeramala. TXINTXARRI-ri kontatu dionez, igande arratsaldean bertan bururatu zaie bozgorailua hartu eta Sorgin Dantzaren doinuez kale eta tabernak blaitzera. Sagardotegi plazan entsegu txiki bat egin, eta Kale Nagusiko tabernetan zeuden hainbat herritarren laguntzaz, Okendo plazara joan dira. Maskarak jantzi, bi ilara osatu, eta ordu laurden inguruz dantzatu dute.

Kameraren bila igo eta berriro plazara jaitsi garenerako, bazeramatzaten minutu batzuk Okendon gustura dantzan, baina atera ahal izan ditugu galeria bat osatzeko adina argazki, atzoko ekitaldia irudikatzen dutenak.

Erlazionatuak

Sorgin Dantza inprobisatuaren argazki galeria

Txintxarri Aldizkaria 2020 eka 29 Kultura