Honako testu hau prestatu dute Maitane Rebe eta Nahia Ruiz herritarrek Sorgin Dantzaren inguruan:
Urte luzeetan zehar, Oriako Sorgin-Dantza San Pedro jaietan galtzen ez dugun hitzordua da. Baina egoera honen aurrean, festa bertan behera uztea erabaki da.
Oriako Sorgin-Dantza lasarte-oriatarrontzat garrantzitsua den dantza bat da. Gure herriaren sinbolo da. Urtero-urtero herritarrak kalera ateratzen dira, ez soilik hain gurea sentitzen dugun dantza hau dantzatzera, baita transmititzera eta zaintzera ere, bere etorkizuna babesteko. Belaunaldiz belaunaldi mantendu den ohitura da, eta herriko jende askok parte hartzen du dantzari, musikari nahiz ikusle gisa. Ikusgarria da Oriatik hasi eta nola Okendo plazara iristen diren 300 bat pertsona bi ilaratan dantzan. Adin guztietako dantzariak elkartzen dira urtero eta herriko festei hasiera emateaz arduratzen dira dantza eta irri artean.
Azken urteetan bezala, aurten ere Ttakun Kultur Elkartetik ohitura hau ospatzeko nahia egonda ere, Lasarte-Oriako Udalean proposamen desberdinak aurkeztu ostean, atzera bota eta festa bertan behera uztea erabaki da. Egungo egoera konplexu honek hainbat kultur arloko ekintza bertan behera uztera derrigortu du, tartean, Oriako Sorgin-Dantza.
Nahiz eta aurten Oriako Sorgin-Dantza ez den dantzatuko, bete behar diren segurtasun eta osasun neurri guztiak errespetatuz, herritar guztiok gonbidatu nahi zaituztegu ekainaren 28an blusa jantzi eta egunaz gozatzera. Ez dadila ohitura galdu! Dantzatzeko aukerarik ez izan arren, Sorgin-Dantza beste modu batera biziko dugu.
Presta daitezela kaleak dantzatuak izan daitezkeenerako... Gora Oriako Sorgin-Dantza!