Kutsatu berri bat baieztatu dute Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 28a, 13:13

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo, hiru baieztapen egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan eta ez zen COVID-19ak kutsatutako inor hil.

Osakidetzak koronabirusaren egoera eguneratu du eguerdian, egunero bezala, datu berriak biltzen dituen txostena argitaratuta. 

Larunbatean, 2.478 proba egin zituzten, 2.339 PCR eta 139 test azkar. Horien bidez, hiru positibo berri baieztatu zituzten: bi, Bizkaian eta, bat, Gipuzkoan, zehazki, Irunen. Halaber, bost kasu atzeman zituzten test serologikoekin. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, hortaz, iraganeko infekzio bat adieraz dezake. 

Pandemia martxoan piztu zenetik hona, 20.926 kasu positibo izan dira EAEn. 13.728 PCR bidez baieztatuak eta 7.198, test azkarren bidez. Lurraldekako banaketak agerian uzten du Bizkaia izan dela egoera latzena pairatzen ari dena: 3.324 kasu izan dira Gipuzkoan (% 16,1); 5.317, Araban (% 25,7); eta 11.723, Bizkaian (% 56,7). 

Herriz herriko datuak astean behin eguneratzen ditu Osakidetzak, astelehenetan, baina jakina da azken egunetan Gipuzkoan izandako kasu berrietako bat ere ez dela Lasarte-Orian erregistratu. Hala, orain arte, 53 herritar eragin ditu COVID-19ak eta horietako hiru hil egin dira.  

EAEko positiboen egoerari erreparatuta, atzo, negatibizatutako 26 pertsona berri erregistratu zituzten. Alegia, PCR negatiboa izan dutenak gaixotu ondoren. Halaber, bi pertsonek jaso zuten ospitale alta eta ez zen hildakorik izan. ZIUko egoera bezperako bera da: sei pertsona daude.