COVID-19ak kutsatutako beste hiru lagun atzeman dituzte Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 27a, 15:25

Sei dira ostiralean Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako kutsatuak; hiruna, Gipuzkoan eta Araban. Gainera, koronabirusak eragindako bi lagun hil dira. 

Dagoeneko ohitura bilakatu da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren bilakaeraren eguneraketa egitea eguerdiro. Bildutako datuekin osatu duen txostenaren arabera, atzo, sei kutsatu berri erregistratu zituzten EAEn; hiruna, Araban eta Gipuzkoan. Zehazki, Aian, Donostian eta Irunen. Horrez gain, 62 baieztapen ere egin zituzten test azkarren bidez. Proba serologiko hauek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezakete. Datu horiek, ostiralean gauzatutako 4.143 proben emaitzak dira,  3.408 PCR eta 735 test azkar.

Orain arte, 20.917 positibo atzeman dituzte pandemiaren hastapenetik, 7.192 test bidez eta 13.725 PCR bidez. Azken hauek lurraldeka honela banatzen dira: 2.308, Gipuzkoan; 3.346, Araban; eta 7.906, Bizkaian.

Hauen egoerari dagokionean, 13.727 osatu dira, atzo negatibizatutako 30 lagunak gehituta. Alegia, PCR positiboa izan ondoren, negatiboa eman dutenak. Halaber, zazpi lagunek jaso zuten ospitaleko alta eta beste batek Zaintza Intentsiboko Unitatea utzi zuen. Sei daude haietan. Tamalez, bi heriotza ere izan ziren. Hala, COVID-19ak eragindako 1.611 hil dira EAEn.