SORGIN JAIAK

Elkartasuna ardatz Sorgin Jaien bigarren egunean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 21:52

Lasarte-Oriako Sarerekin batera bi jarduera egin dituzte, "Izan Bidea" dinamika nahiz sakabanatuta dauden herriko presoen egoera ikustarazteko. 

Ekimen "xume" bat egunero. Hori da Sorgin Jaiak-en proposamena ezohiko sanpedro hauetarako. Jaien bigarren egun honetan, ordea, bi burutu dituzte, festa eta aldarrikapena uztartuta. Izan ere, Lasarte-Oriako Sareri elkartasuna adierazi baitiote. Goizean, mendi buelta; arratsaldean, manifestazioa.

Txaldatxurrera irteerarako Okendon elkartu dira 9:30ean. Hara eraman dute "Izan Bidea" dinamikaren aldarria eta Xabi Gallaga, Ibon Fernandez Iradi eta Aitor Iriondo preso lasarteoriatarrak hurbiltzeko eskaera. 

Arratsaldean, berriz, goizeko leku berean batu dira, hilabetero bezala, Azken Ostirala mobilizazioa egiteko. Udaletxe aurretik abiatu baino lehen, Joxe Mari Agirretxek hartu du hitza dinamikaren inguruko azalpenak eman eta Sorgin Jaiaki eskartza hitzak esateko. Jarraian, hiruko ilara osatuta, ibilbidea osatu dute. Pankarta oraingoa, Sorgin Dantzako bi partaidek eutsi dute muturretan, eta haren atzetik afixa eta beste ikur batzuk ere baziren. Horiek eta jaietako blusek ohi baino koloretsuagoa egin dute manifestazioa; baita jendetsuagoa ere, 140 bat lagun batu baitira.

Irteera helmuga eginda, Lannemezango espetxetik jasotako gutuna irakurri dute. Fernandez Iradik eta Iriondok idatzia bada ere, Gallagaren hitzak ere izan zitezkeela aipatu dute. COVID-19ak eragindako egoeraren inguruko iritzia adierazi diete, besteak beste,  "burujabetzaren garrantzia" eta bestelako sistema baten beharra azaleratu duela nabarmendu dute. 

 

Erlazionatuak

Sorgin Jaien bigarren eguna

Txintxarri Aldizkaria 2020 eka 26 Gizartea