Kulturaz betea behar zuen uda sasoi indartsua ahuldu egin da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 28a, 09:00

COVID-19k eragindako egoeraren ondorioz, bertan behera geratu dira Euskal Herriko festa eta ekitaldiak, eta horrek, zuzenean eragin die kultur sortzaileei. Herriko kultur eragile eta sektoreko langileak elkarrizketa ditu TXINTXARRIk, bizitzen ari diren egoera bildu eta horren berri emateko

Factory Logistica: "Hiru hilabete pasa ditugu diru sarrerarik gabe"

Zuzeneko emanaldien soinu eta argiztapenaz arduratzen da Lasarte-Oriako Factory Logistica enpresa. Urte guztian lan egiten badute ere, uda sasoian izan ohi dute lan karga gehien, baina aurten, ezohiko uda aurreikusten dute COVID-19aren ondorioz

Uda guztiko lana kolokan jarri dio koronabirusak eragindako egoerak Factory Logistica enpresari. Osasun larrialdia dekretatu eta egunerokoaren etenaldiaren ondorioz, hiru hilabete "diru-sarrerarik gabe" igaro ditu enpresak, baina jarraitu behar izan dute hilabeteroko gastu finkoak ordaintzen: "Egoera latza izaten ari da; orain oso mantso hasi gara buelta ematen, pentsatuz egoera hau ez dela betiko izango".

Aurtengo herriko festa gehientsuenak bertan behera geratu direla ikusirik, alternatiba bila hasi da Factory, eta ikuskizun handiak ez diren beste formatuen eskaintza zabaldu dute: bakarlariak, kale-zinema saioak, eta abar. Halere, urtea "oso beltza" ikusten dute, ez baitakite orain bizitzen ari garen egoerak zein ondorio ekar ditzakeen etorkizunean.

Osasun larrialdia dela eta, ulertzen dute orain arteko herriko festen formatuak ekiditea, eta horrekin bat datozen arren, uste dute egoera aztertu eta festak beste formatu batean  planteatzea ahalbidetu beharko litzatekeela: formatu txiki eta mugatuko ekitaldiak, auzoetan banatuak, besteak beste: "Momentu gogor hauetan ere, kulturak bizirik egon behar du".

 

Oihan Agirretxe, Rukula taldeko musikaria: "Sortzen jarraitzeko baliatu dugu geldialdia"

ukula musika taldeko bateria-jotzailea da Oihan Agirretxe herritarra. Uda honetarako kontzertu eta musika emanaldi dezente zituzten aurreikusita, baina koronabirusak eragindako egoera dela-eta, eta herri gehientsuenetako festak bertan behera geratu direnez, ez dute kontzerturik jotzeko aukerarik izango. Hirugarren diskoa prestatzen harrapatu zuen taldea itxialdiak, eta geldialdi hau "sortzen jarraitzeko" baliatuko dutela azaldu du.

Kultura baztertuta dagoen sektorea dela azpimarratu du Agirretxek, eta erdigunera ekartzeko beharraz ere hitz egin du. Usurbilgo Udalak prestatutako ekimena goraipatu du: "Betiko herriko festak ez dira egingo, baina hilabeteko kultur bira antolatu dute. Horrelako ekintzek bazterretik erdigunera ekartzen dute kultura". 

 

Berezia behar zuen urtea, hankaz gora

Musikari gisa, urte berezia zetorkion aurtengoa Mikel Yarzari. Hilotz taldean  abeslari eta baxu-jotzaile ari da, eta Aske izeneko iraupen luzeko bigarren diskoa kaleratzear dute. Horrez gain, hamargarren urteurrena du aurten musika taldeak, eta hori ospatzeko emanaldi "berezi" batzuk ematea aurreikusita bazuten ere, COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, ez dakite ospatzerik izango duten, eta aukera badute ere, noiz egin ahal izango duten.

Hilotz taldean aritzeaz gain, Asgarth taldeko musikaria ere bada. Hamahiru urteko geldialdiaren ostean, aurten bueltatu asmo zuen eszenatokietara Asgarthek, baina arrazoi berdinagatik, momentuz aurreikusita zituzten emanaldi denak bertan behera geratu zaizkie. 

Horrekin batera, Parapetasonik rock eta metal jaialdirik ere ez da izango ez dela izango aurreratu du. Antolatzaile lanetan aritzen da Yarza, eta aurten, besteak beste jende pilaketak saihesteko bertan behera uztea erabaki dute.

 

Gautxori txarangaren 2020ko emanaldiak, 2021erako gordeta

Gautxori txarangako tronboi-jotzailea da Carlos Moreno. Berebiziko garrantzia dute udako herriko festetan txarangek, baina aurten, ez ditugu Lasarte-Oriako kaleak girotzen ikusiko. Urteroko sanpedrotako emanaldia bertan behera geratu zaio Gautxoriri, eta horrekin batera, baita Burgoseko eta Donostiako Aste Nagusirako aurreikusitakoak ere. Aurtengo udarako hitzartutako emanaldiak datorren urterako gorde dizkietela jakinarazi dio Txintxarri-ri.

Oraintsu arte ere ezin izan dute entseguetan aritu: "Ez daukagu entseatzeko lokal propiorik, udalak uzten digu eta hilabeteak entseatu gabe pasa eta gero, berriki hasi gara lan horietan". 
Irailetik aurrera martxan jartzeko esperantzaz agertu da Moreno. 

 

Galera ekonomikoa baino gehiago, animikoa eragin dio COVID-19ak Oaintxe in deu txarangari

Lasarte-Oriak badu bigarren txaranga talde bat: Oaintxe in deu. Herriko kaleak girotzeko txaranga baten beharra ikusi, eta horretarako sortu zuten taldea. Orduz geroztik, ez diote hutsik egin sanpedroetan jotzeari, ezta herriko zenbait auzoetako festetan aritzeari ere. "Giroa alaituz" ibili dira beti, herrian barrena.

Aurtengo udan, ordea, instrumentuak hartu eta taldean musika jotzeko aukerak bertan behera geratu zaizkie koronabirusaren ondorioz, eta "animikoki" eragina izan du taldean. "Ez gara txaranga profesionala, hortaz galera ekonomikoa ez da hainbestekoa izango, galera animikoa izango da, izugarrizko pena ematen digu taldeak kaleak girotzera ateratzeko aukerarik ez izateak".  Hamabost lagunek osatzen dute Oaintxe in deu txaranga.

 

Sortzeko behar den arnasa hartu ezin denean

Bertsolariek ere plaza eta herri ugari girotu ohi dituzte udan, herriko festetan. Aurten, ordea, saio askoz gutxiago izango dira festak bertan behera geratzearen ondorioz. Lierni Rekondo bertsolari lasarte-oriatarrari zuzenean eragin dio egoera horrek

Koronabirusak eragindako egoera "eragin handia" izaten ari da Lierni Rekondo herriko bertsolari gaztearengan, eta baita bere udako aurreikuspenetan ere. Azaldu duenez, bertsolari gazteak herrietako jai batzordeek antolatu ohi dituzten bertso-saioetan aritzen dira gehienbat, eta aurten, herriko festa gehientsuenak bertan behera geratu direnez, ez du saio bakar batean parte hartzeko aukerarik izango, momentuz. Itxialdi garaian ere bazituen saioak hitzartuta, baina horiek ere bertan behera geratu zitzaizkion.

Osasun larrialdia dekretatu eta bertso saiorik tegin ezin geratu zenean, sortzeko aukera ikusi zuen Rekondok, baina itxialdia luzatzen joan ahala, konturatu zen sortzea ere "zaila" zela: "Sortzeko arnasa hartzea ezinbestekoa da, eta konfinamenduak asko zailtzen du hori; ez da sortzeko momentu erraza izan". Halere, bideo-deien bidez jarraitu ahal izan dute bertso eskolako lanketarekin.

"Ezjakintasun handiz" bizi du egunerokoa, izan ere, hasiera batean bertan behera geratutako saioak atzeratu egin zitezkeela esan bazioten ere, ez daki udazken aldera horiek egitea posible izango ote den edo ez, COVID-19aren gorakada gertatu daitekeenaren susmoa zabalduta baitago.