U-12 HAUTESKUNDEAK

Hasi da hauteskunde kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 14:02
Askatasunaren parkeko kartelak jartzeko gunea. EH Bilduk, PSE-EEk eta EAJk itsatsi dituzte afixak orain arte.

Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiak kanpaina bete-betean sartu dira, gauerditik. Lasarte-Orian, gauean bertan itsatsi dituzte kartelak PSE-EEk, EH Bilduk eta EAJk. 

Bi aste eskas falta dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Uztailaren 12an hauteslekuetara joatera deituta daude lasarte-oriatarrak ere, igandearekin. Ekaineko ohiko udalbatzarrean zozkatu zituzten hauteskunde mahaiak, eta bertan egotea egokitu zaien herritarrak egun hauetan ari dira jakinarazpenak jasotzen.

Bestalde, Lasarte-Oriako hainbat alderdi politikoek posta bidezko botoa tramitatzeko laguntza eskaini diete egun horretan bozka ematera joan ezin diren herritarrei. Uztailaren 2ra arte egin daitezke.

EAJk bi bide jarri ditu herritarren eskura: 943 363 409 telefonoa eta 652 706 820 WhatsApp zenbakia. Posta bidezko bozka erabiltzeko asmoa duten herritarrek izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze-data eta botoa emateko dokumentazioa jaso nahi duen posta-helbidea adierazi beharko dute. 

PSE-EEk bere egoitzan, Gambo 1 behea, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara eskainiko du laguntza zerbitzua. Beste ordutegi batean egin ahal izateko hitzordua eskatu beharko da.  Gaixo edo etxetik mugitu ezin diren herritarrek, notarioak ziurtatuta etxetik egin ahalko dute bozka. Argibide gehiago eskuratzeko  943 372 869 telefonoa jarri dute herritarren eskura.

EH Bilduko kideak Udaleko Bilgunean egongo dira (astelehenak: 16:00-19:00, asteazkenak 10:00-12:00, ostiralak 10:00-12:00). Argibide gehiago eskuratzeko edo zalantzak argitzeko deitu 683 31 98 21 telefonora edo idatzi lasarte-oria@ehbildu.eus helbide elektronikora. Informazio gehiago www.egitekoprest.eus web orrialdean.