Ez du gogoan aurretik jaiak inoiz bertan behera utzi izana eta haien zale sutsua izanda, "arraroa" egingo zaio gaurkoan plaza hutsik egotea. Edonola, argi du hartutako erabakia egokiena dela. Horregatik, sinbolikoki ospatu eta arduratsu izatera deitu ditu herritarrak.
Sanpedrorik ez da izango aurten. Ez zen erabaki erraza izango...
Batere. Gogorra izan da, baina bilakaera zein izango zen jakin gabe arduraz jokatu genuen. Ezer ez egitea erabaki dugu jende pilaketak ekiditeko. Udalak ez du horretarako aukera eman nahi, ezin dugu tartea bermatu.
Halakorik espero al zenuen?
Jairik ez egitea dramatikoa da, baina ezeren aurretik pertsonak eta haien bizitzak daude. Ez zitzaidan burutik pasa ere egiten pandemia batek geldiarazi egingo zuela herrialdea, hiru hilabete konfinatuta egongo ginela, hildakoak...
Jaiak prestatzen hasiak zineten, azken unera arte haiei eutsi nahi izan diezue, ezta?
Bai. Azaro-abendua aldean hasi ginen ideiekin, eskemak egiten, kartel lehiaketa eta diru laguntza lerroa zabaldu genituen, elkarte batzuek aurkeztu zituzten beraien programak... Itxialdiaren lehen asteetan lanean jarraitu genuen, jai egitarauaren zirriborro moduko bat osatzen, badaezpada; baina egunek aurrera egin ahala, agerikoagoa zen ezingo zirela egin. Kontratazioak gauzatzea ere oso zaila izango litzaiguke, pleguak atera... Gainera, ikuskizun enpresa gehienak ABEEEn sartu ziren. Ez dugu ezer egingo eta dudan kontsolamendu bakarra da festetan erabiliko ez dugun diru guztia, 150.000 bat euro, udalaren gizarte laguntzen poltsara bideratuko dugula. Jendea gogotsu dago eta arantzatxoa dut egin zitekeenaren inguruan, baina ez dugu bideragarri ikusi.
Udazkenera-edo atzeratzea aztertu al zenuten?
Aukera atera zen; sanpedroak urrian egiteak, ordea, ez du zentzurik. Jardueraren bat, agian, baina festak ez. Elkarteekin, talde politikoko kideekin eta oposiziokoekin hitz egin ondoren, zentzudunena bertan behera uztea zela erabaki genuen. Data kontua ere bada, udazkenean nahikoa jai jarduera dago festak orduan egiteko. Departamentua zerbait egiten saiatuko da, egin ezin izan ziren kontratatutako gauza batzuk badira, eta elkarteei planteatu diegu bertan behera utzitako ekimenak irailetik aurrera egitea. Udalak babestu egingo ditu ekonomikoki nahiz logistikoki –hesiak, oholtza...–. Uztailean kultur jardueraren bat egingo da, esperientzia piloturen bat; guk ekimenak irailetik aurrera planteatzen ditugu eta ordutik aurrera daudenak mantentzen ditugu.
"Jairik ez egitea dramatikoa da, baina ezeren aurretik pertsonak eta bizitzak daude""
Zenbait ekimen tradizional egiteko aukerari atea zabalik utzi zenioten. Zertan da asmoa?
Duela bi aste arte, jarduera alternatiboak egitea pentsatzen ari ginen. Hiruzpalau oso oinarrizkoak kalean, gune itxian, eserita egiteko, esaterako, aizkolariak, Sorgin Dantza... Partaideak kontrola ditzakegu, kalean pila daitekeen jendea, ez; eta horren gogotsu egonda... Ederra egingo genuke! Kultur etxera eramatea ere pentsatu genuen, baina ez da egingarria. Oso pertsona gutxi izango lirateke. Adibidez, Okendon Sorgin Dantza iristen denean jendetza egoten da, 2.000-3.000 lagun; edukiera une horretan 80 pertsonakoa zen, dantza egiteko tokirik ez zegoen...
Eta jai ekimenak egiten dituzten elkarteen jarrera zein izan da?
Hainbat elkarterekin hitzarmena dugu jai ekimenak egiteko eta horietako asko bertan behera gelditu dira, beste batzuk geroratu, eta beste batzuk ez dakigu egin ahalko diren. Bilera egin genuen pasa den astean, eta ideiak partekatu genituen. Departamentuak funts ekonomiko bat gorde du atzeratu dituzten elkarteek egin ditzaketen horientzat eta departamentuak egitea erabakitzen duenarentzat. Epe bat abiaraziko dugu proposamenak jasotzeko, baloratu eta egingarriak diren ikusteko. Pena da. Herri bizia izateko lan egiten duten elkarteek, tamalez, bertan behera utzi behar izan baitituzte jarduera guztiak. Udalak ere, baina beraiek irabazi asmorik gabe egiten dute, herriarentzat, eta urte guztia lanean aritu dira ezertarako. La Esperanzakoek duela hilabete esan zidaten ez zeudela jai gogoz. Tristea da hori entzutea, baina ados gaude.
Sanpedroetan parte hartu ohi duzu. Zer botako duzu faltan?
Giroa, kontzertuak, herritarren erantzuna... Dena botako dut faltan. Saiatzen naiz jaietako ekimen guztietan parte hartzen. Inork kontatu beharrean nik neuk ikustea gustatzen zait. Partaide eta ikusle naiz aldi berean. Zeharo arraroa egingo zait gaur normal egotea.
Herritarrak gogotsu daudela aipatu duzu. Zer mezu bidali nahiko zenieke?
Jendea animatzen dut blusarekin ateratzera eta Lasarteko bandera balkoietan jartzera. Zerbait sinbolikoa egitera. Jendeak ulertzen du jairik ezin dela egin, baina badakit tabernetan kuadrillek egindako erreserba asko daudela bazkari eta afarietarako. Ez dago debekatuta, eta egia da urtean elkartzeko uneetako bat direla sanpedroak... Arduratsu izatea eskatzen diet. Egoera ez dago festetarako. Ez ditzatela jai paraleloak egin.