Lasarte-Oriako Udalak maiatza erdialdean jakin arazi duen San Pedro Jairik egongo ez zela, espero zenuten erabakia?
Ez gintuen harritu. Beste herrietan ere jende asko biltzen zituten ekimenak bertan behera uzten ari ziren.
Elkartean San Pedro jaien inguruan hainbat ekimen antolatzen dituzue. Mahai eta mugimendu jokoak, gimnasia eta lerroko dantzen erakusketa, abesbatzaren emanaldiak… Zein da helburua?
Elkarteko kideek ekimenetan parte hartzea da helburuetako bat eta konpartsarekin gainera, gure alaitasuna herrian zabaltzen saiatzen gara. Txarangaren laguntzaz kaleak alaitzen ditugu.
Aurten ez duzue ekimenik antolatuko. Baina noiz ohi zarete prestaketak egiten?
Otsaila edo martxoa aldera hasten gara ikastaaroetako irakasleekin lanean eta txarangarekin ere hitz egiten dugu.
Pandemia dela-eta, egoitza itxi behar izan zenuten eta jarduera guztiak eten zenituzten. Egoitzako ateak berriro irekitzeko lanean al zaudete? Jarduera osoan hasiko zarete?
Bai, horrela da. Bilerak egiten gabiltza, egoera aztertu eta egoitza martxan nola eta noiz jarri erabakitzeko. Izan ere, elkarteak antolatzen dituen ekimenetan jendetsuak baitira. Beraz, ekimen guztien edukiera mugatu beharko da.
Arrisku-talde garenez, pandemiaren egoerak ere eragingo du gure erabakietan. Horregatik, gure jarduera osora itzultzeko oraingoz hilabeteak pasa beharko dira.
Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei San Pedro berezi hauetan.
Adi egon daitezela, osasun gomendioak jarrai ditzatela eta erantzukizunez jokatzea birusa oraindik gure artean dabil eta. Eta batez ere, zoriontsuak izan daitezela.