San Pedro Jaietako eragileak

ATLO: "Gu urte osoan zehar aritzen gara lanean"

Nerea Eizagirre 2020ko eka. 28a, 11:00
Danborradako kideak Okendo plazan.

San Pedro elizako erlojuak gauerdia ematearekin batera, Lasarte-Oriako ereserkia entzuteko aukerarik ez da egongo gaur, San Pedro egun bezperan. Danborradako kideek, ordea, afaria antolatu dute arantzatxoa kentzeko

Nola hartu elkarteak San Pedro jaiak bertan behera geratuko zirela jakitea?

Pena handiarekin noski! Lasarte-Oriatar guztiok bezala! Erabakia udaletxeak hartu zuen eta guk onartzea besterik ez dugu egin; ez zegoen beste aukerarik.

Ekimena antolatzen hasiak zineten?

Gu urte osoan zehar aritzen gara lanean, hilabetean behin elkartuz, bueno udaran oporrak hartzen ditugu! Betiko martxa jarraituaz aurrekontuak, mantenimentua, oharrak,…martxan genituen iada.

San Pedro egun bezperako danborradan eta haurren danborradan herritar askok parte hartzen dute. Beste ekimenen bat egitea pentsatu al duzue? Edo beste dataren batean ekimena egitea?

San Pedro bezperan afari bat antolatu dugu guretzat hain berezia den egunean nolabait ere berezitasun hori mantentzearren. Afarirako gonbidapena irekia da, nahi duenak parte hartu.

Beste datarik ez dugu buruan, udaletxearen erabakia da hori. Udaletxeak eskatuko balu gu prest gaude danbor eta kupel hotsak kaleratzeko.

Pandemiak eraginik izan al du elkartean? Nola moldatu zarete?

Jende askok bezala guk ere bilerak bideodei bidez egin ditugu. Hartu diren erabakiak partehartzaile eta laguntzaileei jakin arazi dizkiegu, beti ere jakinaren gainean egon ditezen.

Batzorde aldaketa ere izan duzue, guztira moldatzeko tarterik izan al dute?

Batzorde berria ari da lanean buru belarri, aurreko batzordearen laguntzarekin, ilusio eta aldi berean urduritasunarekin. Moldatzen ari dira.

Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei San Pedro berezi hauetan.

Nahiz eta San Pedro jaiak beste urteetan bezala ez izan ospatu ditzatela norberak ahal duen moduan eta egoerak uzten duen moduan baina ospatu! Ondo pasa eta disfrutatu! Festak aurrera darrai!!