Aldatu dira pixka bat San Pedro jaiak 1995. urtetik hona. Zenbait ekintza mantendu diren arren, orduko batzuk desagertu eta berri batzuk hartu dute azken urteetako egitarauean lekua. Herriko zenbait leku ere ez dira duela mende laurden ziren bezalakoak, baina lekuak leku eta ekintzak ekintza, festarako urteroko hitzorduei ez diete hutsik egin herritarrek.
Sorgin Dantzaren Oriatik erdigunerako bideak betidanik girotu ditu Lasarte-Oriako kaleak, hala ikus daiteke 1994 eta 1995. urteko argazki horietan. Kuadrillek ere blusak jantzita herriko bazkarietan parte hartzen zuten, eta buruhandiak ere korrika saioak egingo zituzten, herriko orduko gaztetxoen bizkarrak gorritzeko asmoz. Gaur egun bezala, txarangen emanaldiak ere ez zuten hutsik egiten orduan. Ezberdintasunik ere antzeman daiteke argazki horien eta azken urteetako jaien artean. Txosnak, esaterako, aldatu dira tokiz; garai haietan Geltoki kale parean, gaur egun Tahona eta Kutxabank bankuaren artean dagoen eremu horretan jartzen zituzten duela hogeita bost urte.
Goitibehera lehiaketa ere ohikoa zen sanpedrotan. Parte hartzaileek bakoitzak bere goitibehera prestatu eta Kalbario bidean goitik-behera nor iritsiko lehena.
Aurtengoek antza gutxi izango dute duela mende laurdeneko ospakizunekin, baita azken urteetakoekin ere, baina osasuna lehenetsiz, datozen urteetarako indarrak hartzea egokitu da aurten.