Lasarte-Oriako Udalak maiatza erdialdean jakin arazi duen San Pedro Jairik egongo ez zela, harritu al zineten erabakiarengatik?
Egoeraren garapena ikusirik ez gintuen harritu erabakiak. Ekimen guztiak bertan behera uzten ari ziren eta bagenekien udalak lehenago edo geroago jakitera emango zuela.
Ekimenak antolatzen hasiak zineten?
Erraldoiak atontzen hasi behar ginen eta koreografia berriak ikasten. Gainera, aurten, herriko beste elkarteekin kolaborazioak antolatuak genituen eta haurrei erraldoietan sartzeko asmoa genuen.
Noiz hasten dituzue prestaketak?
Ohiko egoeran Aste Santuan hasten gara, baina aurten lehenago hasi nahi genuen koreografia berriak ikasteko.
Erraldoiak eta buruhandiak edo zezensuzkoa herritarrak biltzen dituzten ekimenak dira. Beste dataren batean ekimenik egitea pentsatu al duzue?
Lasarte-Oriako haurrek euren erraldoia egiteko tailerra egin nahiko genuke. Horrekin batera, buruhandi eta erraldoiak auzo ezberdinetara eraman, marrazki erakusketa antolatu eta haurrek eurekin argazkiak ateratzeko aukera izatea ere nahiko genuke. Horretarako auzo-elkarteei deia egiten diegu gurekin harremanetan jartzeko.
Eta erraldoein bilkura bat antolatzea ere pentsatu dugu, beste herrietako taldek gonbidatuz.
Nola eragin dio pandemiak taldeari? Noiz hasi ahalko zarete kalera ateratzen?
Urte honetan aurreikusiak genuen plangintza osoa hankaz gora jarri du.
Konpartsako kide eta ikusle guztien segurtasuna guztiz bermatu arte ezingo gara kalera atera. Erraldoi, buruhandi edo zezensuzkoa daramagunok esfortzu handia egien dugu eta ekimenean zehar txandakatzen gara. Izerditzen gara eta ezin dugu materialaren desinfekzioa bermatu une oro.
Gainera, Sorgin Dantz edo jaietako beste ekimen batzuk bezala, herritarrak biltzen dituen ekimena da gurea eta oraingoz ezin dira horrelako ekimenak antolatu.
Beraz, ez dakigu noiz izango den posible berriro ere kalera ateratzea. Lehenbailehen izatea espero dugu eta herriko jarduera guztiak berriro martxan jarri ahal izatea.
Elkarteko erraldoiak eta zezensuzko beste herriei uztzi ohi dizkiezue. Aurten jaiak bertan behera uztea erabakitzearekin, jarduera hori ere murriztuko da...
Bai, horrela da. Beste herriei gure materiala uzten diegu eta gu ere joaten gara beste herrietara Lasarte-Oriako ordezkari gisa. Pena handia ematen digu, aurten ezin herri batetik bestera ibili. Hala ere, 2020 urtea amaitu baino lehen zerbait egin ahal izatea espero dugu.
Elkarteko hainbat kidek Donostiako Abuztuaren 31eko berregitean parte hartzen du. Aurten parte hartu ahalko duzue?
Abuztuaren 31eko berregitea ez da ohikoa izango, ez da parte hartzen dugun beste berregite batzuek bezala bertan behera geratu. Zerbait sinbolikoa egin nahi dute, jende asko batzea saihestu nahi dute, baina oraindik ez dago ezer zehaztua.
Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei San Pedro berezi hauetan.
Ezin ditugu beti bezala jaiak ospatu, baina ospa ditzagun lagunekin, familian eta kalean bluxa soinean. Hurrengo urtean kaleetara itzuliko gara eta merezi duen bezala ospatuko dutugu San Pedro jaiak.