EKAINAK 26

II. Haurraren Eguna antolatu du Ttakun KEk ostiral honetarako

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 24a, 18:33

Ttakun KEk, hainbat eragilerekin elkarlanean, Haurraren Egunaren bigarren edizioa antolatu du ostiral honetarako, ekainak 26. Egitarauko ekintza ugari birtualki egingo ditu goizean zehar, eta arratsaldean kamioi ibiltari batek alaituko ditu herriko kale eta plazak; herritarrak gonbidatzen ditu euren etxeetako leiho eta balkoietara irtetera. Antolatzaileek zaindu eta hartu egingo dituzte beharrezko osasun neurri guztiak, eta herritarrei gauza bera egiteko esan diete, baldin eta kamioia ateratzean kalean badabiltza.

Sanpedroak eta Sorgin Jaiak ez ditugu ohi bezala ospatuko aurten, baina horrek ez du esan nahi datozen egunez gozatu ezin dezakegunik. Etxeko txikienek -eta hain txikiak ez direnek- plan ederra dute gaurko, ekainak 26: Haurraren Egunaren bigarren edizioa ospatuko du Ttakun Kultur Elkarteak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Aurrenekoa apirilaren 26an izan zen, konfinamenduaren fase hertsienean, gauza konkretu batzuetarako salbu gure etxeetatik atera ezin genuenean. Egun osoan zehar, euren etxeetatik, makina bat ekintza egin zituzten haurrek: txupina entzun eta leihoak apaindu, Xumelakidz korukoekin jolastu, egun horretako bazkaria egin, ipuinak entzun, dantzatu, mozorrotu... Aspertzeko astirik ez zuten izan.
Ttakunek eta eragileek prestatutako edukiak gure web orrialdean eskegi genituen, eta herritarrek bertatik ospatu zuten Haurraren Eguna. Bigarren edizioan ere antzera egingo dugu, kanal berezi bat sortuz eta edukiak bertan eskegiz, baina ez dugu egitarau osoa zintzilikatuko hor, zati bat baizik –antolatzaileek birtualki egingo dituzte ekintza ugari, baina kamioi musikatu bat antolatu dute arratsalderako, herrian barrena ibiliko dena–.  Beraz, irakurle, adi egon eta sartu gure web orrialdean.

Kamioi ibiltariak ibilbide hau egingo du, 15:30etik 18:00etara: Oriako eliza, Basaundi Isla, Antxuenea eta Kontzeju Txiki, Basotxo, Jaizkibel, Andatza, Golf, Iñigo de Loiola, Zubieta eta Juan XXIII, Askatasunaren eta San Pedro eliza alboko plazak. 

Pregoia, Xixuko ahateak

Xixuko ahate maitagarria arduratuko da Haurraren Egunaren bigarren edizioaren pregoiaz eta txupinaz. Guztiok bezala, hilabete ugari pasa ditu berak ere etxetik atera gabe, lagunak ikusi gabe eta parkean jolastu gabe, baina, Txintxarri-ri kontatu dionez, ez da aspertu: Mari Domingi eta Olentzerorekin batera dantzatu, sukaldatu, josi...eta beste hainbat gauza egin ditu: esate baterako, egunero-egunero atera da etxeko balkoira, 20:00etan, osasun langileei txalo egitera. "Normaltasun berrira" iritsi garen honetan, festa giroan murgiltzeko gogotsu dago Xixuko, eta gaurko pregoia irakurtzeko irrikitan. Ohartarazi duenez, suziririk ez du botako, bera eta gainontzeko animaliak asko beldurtzen baitira, eta etxafuegoa lehertzen denean min egiten die belarrietan. 11:00etan hasiko da festa. 

Arestian esan bezala, gaur arratsaldean kamioi ibiltari batek alaituko ditu herriko kale eta auzoak. Xixukok gogorarazi du norberak bere etxeko leiho eta balkoietatik ospatzea dela asmoa, baina, norbait kalean badago, osasun neurriak hartu beharko ditu: eskuak garbitu; maskara jantzi; aho, sudur eta begiak ez ikutzen saiatu; eta doministiku egiterakoan ukondoa jarri. Denok horretarako gogoa eduki arren, Xixukok ere bai jakina, muxu eta besarkadak beste baterako gordetzea aholkatu du ahateak.

Erlazionatuak

Haurraren Egunaz gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2020 api 27 Kultura