Kasu positibo berri bat atzeman dute Gipuzkoan azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 24a, 14:30

Ekainaren 23ko datu eguneratuak eskaini ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Horien arabera, EAEko hiru lurraldeetan sei kasu positibo detektatu dituzte PCR proba bidez: lau Araban, eta bana Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru pertsona gehiago hil dira COVID-19ak jota; guztira, 1.608 hiru lurraldeetan. Lasarte-Orian ez dute kasu berririk erregistratu. Ekainaren 15era arte, 53 pertsonari eragin die koronabirusak gurean.

Pandemia hasi zenetik, datu ofizialen arabera, EAEko hiru lurraldeetan 20.766 pertsona kutsatu ditu koronabirusak. Azken sei kasu berriak ekainaren 23koak dira, PCR proba bidez atzeman dituztenak. Horietako bat, Gipuzkoan: 2.294 pertsona kutsatu dira lurralde horretan. Araban eta Bizkaian, gehiago: 3.336 eta 7.902, hurrenez hurren. Gaitza pairatu duten pertsonetatik 13.633 negatibizatuak izan dira, eta ospitaleko alta jaso dute 4.292k, ekainaren 22an baino 28 eta bost gehiagok, hurrenez hurren. Hiru pertsona gehiago hil dira koronabirusak jota EAEn; guztira, 1.608.

Herriz herriko datuei erreparatuz gero, aldaketarik ez Lasarte-Orian: ekainaren 15era arteko datu ofizialek diotenez, 53 pertsonari eragin die COVID-19ak gurean. Beterri-Buruntzan, berriz, 224 kasu zenbatu dituzte orain arte, Andoainen bi kasu berri egiaztatu ostean. Eskualdeko herrien datuak, hauek:

  • Hernanin, 64 kasu
  • Lasarte-Orian, 53
  • Andoainen, 48
  • Urnietan, 22
  • Astigarragan, 21
  • Usurbilen, 16