Hondakin organikoen edukiontzietako itxigailu automatikoak, martxan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 24a, 13:02

Gaur, asteazkena, 5. edukiontzietako itxigailu automatikoak ohiko egoerara itzuli dira. Txartela behar da, zabor organikoak botatzeko

Gaurtik aurrera, hondakin organikoen edukiontzien itxigailu automatikoak martxan dira.

Koronabirusaren aurkako prebentzio-neurri gisa, Lasarte-Oriako Udalak 5. zabor-ontziaren itxigailu automatikoei blokeoa kendu zien, "segurtasunagatik eta higieneagatik".

Gaur, asteazkena, ohiko egoerara itzuli dira. Beraz, 5. edukiontziaren erabiltzaile-txartela behar da itxigailua ireki eta poltsak barruan utzi ahal izateko.

Udalak jakitera eman duenez, egokieraz baliatuko dira mekanismoei bateria errebisatu eta aldatzeko. Gaurtik ostiralera bitartean, udalerriko zabor-ontzi organiko guztiak errebisatzea aurreikusten du Udalak.

Era berean, herritarrei gogorarazten die 5. edukiontziaren txartela eskatu nahi duen edonork informazio gehiago lor dezakeela edo hitzordua eska dezakeela 943 376 189 telefonoan.