Musika-Eskolako tasetan, eman gabeko zerbitzuengatik hobariak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 24a, 09:00

Irakasle faltarengatik edo pandemiarengatik sortutako eragozpenen arabera, % 20 eta % 100 arteko hobariak izango dira. 2020-2021 ikasturteko Musika Eskolako tasetan aplikatuko dira

Lasarte-Oriako Udalak ezohiko hainbat neurri hartu ditu COVID-19aren pandemiaren ondorioek ekonomian eta gizartean izan duten eraginari aurre egiteko asmoarekin.

Zerbitzuak emateagatik eta bide publikoa okupatzeagatik ezarrita dauzkan udal-zergen barruan, prestazio edo okupazio horiek eten edo murriztu diren denbora-bitartean tasak itzultzeko neurriak ere aplikatu ditu.

Musika-Eskolako zerbitzuan ere hobariak onetsi ditu eta egoeraren arabera, % 20 eta % 100 arteko hobariak izango dira.

Larrialdi-egoera ezartzearekin bat aurrez aurreko eskolak eteaz gain, ikasturte honetan zenbait irakaskuntza-lerrotan ezin izan da irakasle falta behar zen azkartasunarekin bete, eta horrek baldintzatu egin du ikasturtea baldintza tekniko eta pedagogiko egokietan ematea.

Udalak jakitera eman duenez, gaur egun, ikasturtea amaitutzat eman daiteke. Martxoaren 14tik ikasturte amaierara arte, irakasleak ahalegin handia egin dute hezkuntza-eskaintza "nor bere baliabideetatik" ikasleei hurbiltzeko, baina hobariak dituzten lerroetarako ikasturtea erabat galdutzat eman duela onartu du Udalak "euren probetxua hutsala" izan delako. 

Hobariak 2020-2021 ikasturteko tarifetan gauzatuko dira eta honakoak dira:

  1. % 20ko hobaria musika-tresnako ikasle guztiei:

    1. MUSIKA-ESKOLA

      1. Musika-tresna

      2. Hizkuntza musikala + musika-tresna

    2. MUSIKA-TRESNAZKO TALDEA

      1. Musika-tresnazko taldea

  2. % 100eko hobaria Hizkuntza Musikala bakarrik egiten duten eta ikasturtea errepikatzen duten ikasle guztiei.

  3. % 50eko hobaria trikiti eta akordeoiko ikasleei.