EAEko hiru lurralde historikoak kontuan hartuta Gipuzkoan atzeman dituzte koronabirus kasu berri gehienak, azken egun eta asteetan ez bezala: lau guztira. Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi duenez, Orion atzemandako fokuaren kasuarekin lotura dute Gipuzkoako positibo berrietako bik, baina jakinarazi honezkero bakartuta dauden pertsonenak izan direla.
Datu ofizialen arabera, Martxo erdialdetik 20.725 pertsona kutsatu ditu koronabirusak EAEn. Horietatik 13.605 negatibizatu egin dituzte jada –gaixoen %65,6–, eta ospitaleko alta jaso dute beste 4.287k –%20,7–. Azken 24 orduetan pertsona bat gehiago hil da COVID-19ak jota; EAEn 1.605 zendu dira honezkero. ZIU unitateetan hamar pertsona daude ospitaleratuta, eta R0 birusaren birsortze-tasa 0,92koa izan da ekainaren 22an.
Herriz herriko datuak
Osasun sailak ez ditu herriz herriko datuak egunero berritzen, ez bada horietako batean kasu berriren bat atzeman dutela. Txosten horren arabera, Lasarte-Orian ez da kasu berririk egon azken egunetan. Ekainaren 15era arte 53 pertsonari eragin die koronabirusak gurean.
Beterri-Buruntza eskualdean 222 kasu positibo atzeman dituzte orain arte. Herriz herri, hauek dira zifrak:
- Hernanin, 64 kasu
- Lasarte-Orian, 53
- Andoainen, 46
- Urnietan, 22
- Astigarragan, 21
- Usurbilen, 16