Gure herria ere "normaltasun berrian" sartu eta egun gutxitara, egoeraren balantzea egin du Agustin Valdivia alkateak. "Pozgarria da Alarma Egoera amaitu dela ikustea, baina erne egoten jarraitu behar dugu, COVID-19ak gure artean jarraitzen baitu". Hori dela eta, gogoratu du "ezinbestekoa" dela osasun neurriak betetzen jarraitzea: maskara janztea, metro eta erdiko distantzia soziala mantentzea eta eskuak maiz garbitzea. "Foku eta agerraldi txikiak sortzen ari dira, eta, kontrolatu ezean, berriz ere hasierako puntura itzul gaitezke. Egin dugun ahalegin handia eta gero, lazgarria litzateke hori".
Pandemia gure artera iritsi zenetik, herriak "gauza asko" galdu dituela adierazi du alkateak: "Ia gelditu egin da gure kaleetako jarduera sozial eta kulturala, eta bertan behera utzi behar izan ditugu gure San Pedro jai maiteak eta auzo desberdinetako festak". Nabarmendu du "kalte ekonomiko handiak" pairatu dituztela herritar askok, eta baita pertsonalak ere: "Adiskide eta senideak galdu ditugu COVID-19aren erruz, edo ezin izan diegu behar bezalako agurrik eman". Koronabirusak eragindakoa "oso gogorra" izanagatik ere, uste du lasarteoriatarren jokaera "eredugarria" izan dela hilabete hauetan, eta zoriondu egin ditu horregatik. Aitortza berezia egin die pandemiaren aurka "borroka" egin duten langileei, "lehen lerroan" egon diren guztiei.
"Zientziak birusaren kontrako txerto eraginkor bat lortzen duen arte, gure eguneroko bizitza oso baldintzatuta egongo da: lana eta erosketak egitea, beste pertsonekin harremantzea, aisialdiaz gozatzea... Horregatik diot oso garrantzitsua dela osasun neurriak betetzea; gogorrak diruditen arren, bizitza asko salbatu dituzte", azpimarratu du Valdiviak.
Udal instalazioak zabaltzen
"Normaltasun berria" delako hori iristen ari da udalaren instalazio eta azpiegituretara ere. Alkateak jakinarazi duenez, zuzeneko arreta zerbitzua berreskuratu du udalak, baina neurriekin. Aldez aurretik hartu behar da hitzordua, 943 37 60 55 telefono zentralera deituta, edo dagokion zerbitzuarenera.
Parkeak eta kirol, kultur zein zerbitzu sozialak "pixkanaka" irekitzen ari direla adierazi du alkateak, eta horiek erabiltzeko beharrezkoa dela "txertoa lortu arteko arau berrietara egokitzea".