Eraldaketa sozialaren aldeko aldarria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ekainaren 23a

Arg.: Aiurri aldizkaria

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak antolatuta, ostiral arratsaldean Buruntzaldea mailako manifestazioa egin zen Hernanin. Herritarren bizitzak erdigunean kokatzen dituen eraldaketa soziala aurrera emateko pausoak eskatu zituzten  pentsiodunen, etorkinen eta gazteen ordezkariek, manifestazioaren amaieran

Zerbitzu publikoak garatzea; zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzea; pobrezia eta bazterkeria sozialaren aurkako neurriak aplikatzea; 1.080 euroko gutxieneko errenta; 1.200 euroko soldata minimoa eta 35 orduko lanaldia; fiskalitate berria; eta pertsona guztien erregularizazioa. Eraldaketa sozialaren alde kalera ateratzeko deia egin zuen berriro ere Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Hainbat herritarrek horrekin bat egin zuten ostiralean Euskal Herria osoan egin ziren mobilizazioetan.

Buruntzaldean, Hernanin izan zen hitzordua. Publikoa, funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz lelopean manifestazioa egin zuten erdialdeko kaleetatik barrena. Gudarien plazan guztiak batu eta kolektibo ezberdinetako kideek hartu zuten hitza.

Pandemiak zerbitzu publikoen garrantzia agerian utzi duela adierazi zuen pentsiodunen ordezkariak: “Zerbitzu publikoen berrindartzea premiazkoa da, eta ezin dira esku pribatuetan utzi. Pribatutasunaren bidetik enpresa irabaziak sustatzen baitira. Gizarte mailako desoreka gainditzeko zerbitzu publikoa defendatu beharra dago”.

Ahmer Hernaniko kulturartekotasuna sustatzen duen elkarteak ere bat egin zuen Karta Sozialarekin. Guztiak gizarte bereko partaide garela adierazi zuen elkarteko ordezkariak: “Atzerritar Legeak herritarrak bitan banatzen ditu: Batzuei eskubide guztiak aitortzen zaizkie. Besteei, ez. Eskubidea ahalmen modura ulertzen dugu: Jasotzeko ahalmena izatea, ematekoa bezain beste”.

Gazteen izenean, ekimenekin jarraitzeko deia egin zen: “Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren ostean gaur izan da lehen taupada. Baina argi eduki Buruntzaldeako herritarrok antolatzen jarraituko dugula helburu horiek errealitate bilakatu arte. Soilik herriak salba dezake herria. Lehenik bizitza!”.