Egunero bezala, txosten batean bildu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak pandemiaren inguruko datuak. Larunbatean 2.752 proba egin zituzten, 2.612 PCR eta 140 test azkar. Lehenengoen bitartez, hamar positibo berri baieztatu zituzten, bina, Gipuzkoa eta Araban, eta gainerako seiak, Bizkaian. Horiek gehituta, metatutako PCR positiboen kopuruak honakoak dira: Gipuzkoan, 2.288; Araban, 3.328; eta Bizkaian, 7.895.
Test serologikoen bidez, aldiz, kasu bakarra atzeman zuten. Probak hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezake. Bi proben emaitzak batuta, 20.665 dira orain arte EAEn COVID-19ak kutsatutakoak.
Horien egoerari erreparatuta, 13.573 dira negatibizatuak, alegia, PCR negatiboa dutenak gaixotasuna hartu ondoren. Atzo, 19 pertsona erregistratu zituzten hauen artean. Horrez gain, bigarren egunez jarraian ez zen hildako berririk izan. Halaber, zazpi lagunek jaso zuten atzo ospitaleko alta, eta Zaintza Intentsiboko Unitateetan ez da aldaketarik izan: 10 dira bertan dauden gaixoak.
Osakidetzak ez du jada herriz herriko informaziorik ematen kutsatu berririk ez bada –atzoko biak Orion erregistratu zituzten– eta astelehenetan eguneratu ohi ditu osasun gune eta udalerri bakoitzeko datuak. Azken datuaren arabera, 53 lasarteoriatar eragin ditu birusak.