Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu egin ditu COVID-19aren eraginari buruzko datuak. Ostiraleko informazioa biltzen duen txostenaren arabera, hamasei kutsatu berri atzeman dituzte PCR proben bidez. Horietako lau gipuzkoarrak dira –bat, Bergaran eta hiru, Orion–, hiru arabarrak, eta bederatzi, bizkaitarrak. Guztira, 13.662 PCR positibo izan dira orain arte, lurraldeka honela banatuta: 2.286, Gipuzkoan; 3.326, Araban; eta 7.889, Bizkaian.
Proba egin zietenean kutsatuta zeuden horiei batu behar zaizkie, ordea, test azkarren bidez atzemandako baieztapenak. 6.992 dira, atzoko 49ak gehituta. Proba honek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezake. Hala, batera zein bestera lortutako positiboak batuta, 20.654 lagunek pairatu dute edo pairatzen ari dira koronabirusa.
Hauen egoerari dagokionean, atzo, COVID gabeko 40 pertsona erregistratu ziren, alegia, PCR negatiboa dutenak gaixotasuna hartu ondoren. Jada, 13.554 pertsona negatibizatuta daude. Horrez gain, ospitaleratutako12 lagunek jaso zuten alta eta ez zen hildakorik izan. Gainera, bezperan baino gaixo bat gutxiago daude Zaintza Intentsiboko Unitatean, hamar.