Normaltasun berriaren atarian, COVID-19ak kutsatutako hamalau kasu berri erregistratu zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Bildutako datuekin osatutako txostenaren arabera, horietako bakarra detektatu dute Gipuzkoan, bi, Araban, eta hamaika Bizkaian. PCR bidez baieztatutako horiez gain, test azkarrek beste 57 atzeman dituzte. Guztiera, ostegunean, 3.198 proba egin zituzten, 2.763 PCR eta 435 test serologiko.
Pandemiaren sorreratik EAEn 20.597 kutsatu izan dira; lurraldeka banatuta, 2.282 daude Gipuzkoan, 3.323, Araban; eta 7.880, Bizkaian. Hauen egoerari dagokionean, 13.513 negatibizatu dituzte –atzo, 28 lagun–, alegia, koronabirusa hartu ondoren PCR negatiboa dutenak, eta 4.264 lagunek ospitaleko alta jaso dute, zortzik azken orduetan. Hildakoak, berriz, 1.603 dira, atzo, bat gehiago. Bestalde, Zaintza Intentsiboko Unitatean hamaika gaixo daude, bezperan baino bat gutxiago. R0 birsortze-tasa apur bat igo da, 0,98 da –aurrekoa 0,90–. Horrek esan nahi du birusa daukan pertsona batek, batez beste, beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen duela.