"Normaltasun berrian" sartu da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 19a, 13:13

Maiatz hasieratik deseskalatzea fasez fase egin eta gero, bukatu da prozesu hori, eta "normaltasun berria" delakoan sartu da Lasarte-Oria gauerdian. Eusko Jaurlaritzak Alarma Egoera egun batzuk lehenago indargabetzea erabaki du, eta iragarri ditu hemendik aurrera zeintzuk izango diren jarraitu beharreko neurri eta irizpideak: pertsonen arteko distantziak metro eta erdikoa izan behar du, eta, tarte hori mantendu ezin denean, derrigorrez erabili beharko da maskara. Kantabriara joan gaitezke gaurtik aurrera, baina Nafarroara, adibidez, oraindik ez. EAEko hiru lurraldeetan barrena mugitzea posible da, 3. fasean bezala.

Zeintzuk dira "normaltasun berrian" jarraitu beharreko osasun baldintza orokorrak?

  • Pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da. Posible ez den kasuetan, maskara jantzita eraman beharko da derrigorrez. 

Ostalaritza eta elkarte gastronomikoak

  • Edukiera mugarik ez, baldin eta mahaien artean 1,5 metro baldin badaude gutxienez.
  • Lokal barrura sartu ahalko dute bezeroek, baina metro eta erdiko distantzia hori bermatuz beti.
  • Buffetak eta koktelak baimenduko dituzte, gehien jota, 25 lagunentzat.

Merkataritza establezimenduak eta herrietako azokak

  • Edukiera mugarik ez dago, segurtasun distantzia minimoa errespetatuz gero. Gune komunetan, %60ko edukiera asko jota.
  • Kaleko azoketan ezingo dira ohiko postuen %60 baino gehiago jarri. Hori konpentsatze aldera, udalek aukera edukiko dute jarduera hori egiteko espazioaren azalera handitzeko.
  • 65 urtetik gorako pertsonei lehentasunezko zerbitzua eskainiko zaie. 

Kultur guneak eta aire zabaleko jarduerak

  • Aforo maximoaren %60a ezingo da gainditu.
  • 1,5 metroko distantzia bermatu beharko da, eta, bestela, maskara jantzita eraman.
  • Ikus-entzuleek eserita egon behar dute. Aulkiak aurrez esleituko dira.
  • Aire zabaleko ikuskizunetan, edukiera maximoa %60 eta 1.000 ikus-entzule gehienez.
  • Erromeriak, musika eta dantza erakustaldiak eta desfile itxurako emanaldi ibiltariak baimenduta daude.

Liburutegiak

  • Zerbitzu ugari eskaini ditzake: liburuak mailegatu eta itzuli; aretoan irakurri; ikasteko aretoak erabiltzeko aukera eman; informazio orokorra eman; eta beste hainbat.
  • Edukiera maximoa, %60.
  • Erabiltzaileek itzultzen duten materialak astebetez bereizita egon beharko du gutxienez.

Jarduera fisikoa, haurrentzako parkeak eta kirol instalazioak

  • Bakarka nahiz taldeka egin daiteke kirola, kontaktu fisikorik gabe, 30 lagun baino gehiagokoak ez diren taldeetan.
  • Parkeak irekitzea posible izango da, haurrak bertan josta daitezen, distantzia mantenduta.
  • Kiroldegietan, edukieraren %60 erabili ahalko da, eta baita aldagela eta dutxak ere, distantzia minimoa mantenduta.
  • Federatuak diren kirolek entrenatzen hasi ahalko dute, talde txikietan. 

Turismo aktiboa eta naturako ekintzak

  • Talde gidatuek 30 lagunekoak izan beharko dute: distantzia mantendu beharko dute, edo maskarak jantzita eraman.

Hotelak eta ostatuak

  • Metro eta erdiko distantzia minimoa mantendu behar da.
  • Buffetak eta animazio jarduerak, gehienez 25 pertsonako taldeentzat.

Ezkontzak eta beste ospakizun zibil edo erlijioso batzuk

  • Ospakizunak egingo diren guneetako osasun neurriak errespetatu beharko dira, gurtza tokietakoak zein ostalaritza guneetakoak.

Beilak eta ehorzketak

  • Aire zabalean 65 pertsona, eta 30 espazio itxietan.
  • Ehorzketa edo agurrerako segizioetan, gehienez, 75 pertsona.