Nely Carla Alberto herritarrak beste etapa bat gehituko dio Frantziako eskubaloi taldeetan egindako ibilbideari, Proventzako Plan de Cuques. Albertok bi denboraldiko kontratua sinatu du eta 2020-2021 eta 2021-2022 denboraldietan izango da taldean lanean.
Ondo bidean, Frantziako lehen mailan jokatuko da taldea. Horregatik, denboraldi berriari begira, indartzeko egin duen bosgarren fitxaketa da Albertorena. Herritarrak 17 urteko esperientzia emango dio taldeari.
Merignac taldea uzten du Albertok. Bertan bi denboraldi egin ditu. 2018-2019 denboraldian, jokalari eta entrenatzaile lanak eginez, bigarren mailako txapeldun eta lehen mailarako igoera lortu bazuen ere, azkenekoan haurdun egoteagatik ezin izan du jokatu.
Ibilbidea
Akaba Bera-Beran lehen pausoak eman, Valentziako Cementos la Union taldean ondu eta Lizarrako Itxako taldearekin lortu zituen nazioarteko, zein nazio mailako lehen garaikurrak. 2008an, Europako ligako txapeldunorde izan eta gero, garaikurra altxa zuen hurrengo denboraldian, baita Espainiako Ligarena ere. 2010. urtean, Espainiako ligako hirukoa lortu zuen Liga, Kopa eta Superkopa irabaztean.
2010-2011 denboraldian, Le Havre taldearen deiari erantzun eta Frantziako bidea hasi zuen jokalariak. 2011-2012 denboraldian lortu zituen bere lorpenik handienak, Europako kopako txapeldun eta Frantziako kopako txapeldunordea izateaz gain, Espainiako selekzioarekin bi brontzezko domina lortu zituen, Brasilgo Munduko txapelketa eta Londreseko Joko Olinpikoetan.
Frantziako Kopa behin baino gehiagotan altxa du 2014an, Fleury taldean zela eta 2016an, Brest taldearekin. Mios de Bleges taldearekin, berriz, Europako Challange Cupa lortu zuen. Brest taldean ere bigarren mailako txapeldun izan zen.