Lasarte-Oriako Pentsiodun eta Erretiratuen koordinakundeak jakitera eman duenez, azken asteetan, Estatuko, Erkidegoko, probintziako, zein Lasarte-Oriako koordinakundeko kideen artean eztabaida sakonak izaten ari dira kalera itzultzeko data zehatza dela-eta. Pentsiodunen eta erretiratuen taldeko kideak arrrisku-talde dira eta horregatik pandemiaren bilakaeraren arabera zuhurtziaz jokatu behar dela uste dute koordinakundeko kideek.
“Iritzi ezberdinak daude, baina aipatu legez, gehiengoak zuhurtziaz jokatu behar dela uste du. Presak alde batera utzi eta egoera egonkortu arte alerta egoeran mantendu behar gara. Irailean berriro kalean egoteko lanean ari gara”, adierazi dute.
Itzulera jendetsua
Pentsioen mugimenduaren itzulera jendetsua eta parte hartzailea izatea nahi dute eta horregatik, itxialdian zehar ez dira besoak uztarturik egon. “Birtualki egon gara lanean Gipuzkoako erakundeekin, batez ere, Bat Etorri osatzen dutenekin. Harremanak sendotu eta irizpide komunak zehaztu ditugu. Adierazpenak eta oharrak argitaratu ditugu gure Sare sozialetan ia egunero. Estatuko beste erakundeekin ere harremana mantendu dugu ekimen koordinatuak egiteko”.
Euren aldarria ozen entzun dadin nahi dute. Ez dute etsiko eta irailean ezin bada ere, egoerak ahalbidetzen duenean aterako dira kalera. “Aurrera goaz eta gogotsu aldarrikatuko ditugu eskubide sozialak eta, batez ere, pentsio publiko duinak”.