HILOTZ TALDEA

Hilotz taldeak disko berria plazaratuko du irailaren 15ean: 'Aske'

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 18a, 12:51

Hamar urte beteko ditu aurten Hilotz taldeak. Argazkia: Begipuntuan.

Thrash, death eta black metal estiloak uztartuz, Hilotz hirukote gipuzkoarrak iraupen luzeko bigarren diskoa kaleratuko du irailaren 15ean: Aske. Zaleei lehenengo gozatua eman diete, aurrerapen bideoklip bat ere plazaratu baitute, Pertsona, terrorista abestiarena. Mikel Yarza herritarra da taldeko abeslari eta baxu-jotzailea.

Giza ankerkeria estreinako lanaren ondoren, bigarren diska irailaren 15ean kaleratuko du Hilotz talde gipuzkoarrak: Aske. Aurreneko diskan bezala, hirukoteak metal estiloko azpigenero ugari nahastu ditu lan berrian: thrash, death eta black metala, hain justu. Taldekideen hitzetan, "bide berriak" urratu dituzte oraingo honetan: "Konposaketa are ausartago eta luzeagoak egin ditugu, taldearen nortasuna finkatuz". Ekaitz Garmendia gitarjole eta ekoizleak (Legen Beltza, Extinction) grabatu, nahastu eta masterizatu du Hilotzen diskoa, Karrantzako Black Storm estudioetan. Maldito Records zigiluak argitaratuko du lana. Azala, berriz, Xabier Sagastak diseinatu du.

Enpatia ariketa bat

Zer da askatasuna? Nork ematen digu, nork kentzen? Galdera horrekin josi du Hilotz taldeak Aske, hamaika abestiz osaturiko diskoa, hamaika begirada, zalantza eta desio, kateak hautsi nahi dituzten norbanakoen begietatik kontaturik. Migratzaileak, emakumeak, animaliak, adikzioa duten pertsonak, gaitasun ezberdinak dituztenak… Horiek dira disko honetako protagonistetako batzuk. Hirukote gipuzkoarrak enpatia ariketa bat egin du, aske izan nahi dutenen larruan jartzeko ahalegina.

Urte oso berezia da aurtengoa Hilotzentzat, hamar urte betetzen baititu taldeak. COVID-19a tarteko, euren planak moldatu eta atzeratu egin behar izan dituzte, ezinbestean, baina hasi dira berriro ere egurra ematen, disko berriko aurrerapen bideoklipean ikus eta entzun daitekeenez.