Espainiako Futbol Federazioaren egoitzean, Las Rozasen jokatuko da RETO Iberdrola mailarako igoera uztailaren 25ean eta 26an. Añorga KKE taldea gogor ari da lanean eta denboraldia borobiltzeko asmoz joango da Madrilera.
COVID-19aren hedapena dela eta, Espainiako Futbol Federazioak maiatzaren 8an emakumezkoen txapelketa guztiak bertan behera utzi eta bigarren mailarako igoera egoitza batean eta playoff moduan jokatzea erabaki zuen.
Lehiaketa honetan 1. nazional mailako multzoetako lehen sailkatuak eta bigarren onena parte hartuko dute. Javi Solchaga herritarrak zuzentzen duen taldearekin batera Monte, Espanyol “B”, Real Betis “B”, La Solana, Union Viera, Aldaia eta Joventut Almassora izango dira igoera fasean. Sailkapena partida bakarrera jokatuko da eta zortzi taldeetatik lauk lortuko dute igoera. Parekatze zozketa uztailaren 2an egingo da.
Gogor lanean
Añorga KKEko jokalariak eta talde teknikoa sailkapen fasean bere onena erakusteko lanean ari da egunotan eta segurtasun neurri handiak biltzen dituen protokolo bat jarraituz entrenatzen ari da, Las Rozaseko partida buruan.
Gipuzkoako Futbol federazioak jakin arazi duenez, orain dela bi aste, ekainak 2an, Añorgako jokalari guztiak entrenatzaileekin eta beraien laguntzaileekin batera Gipuzkoako Futbol Federazioaren instalazioetatik igaro ziren COVID-19ren test serologikoa egiteko. Guztiek negatibo eman zuten. Beraz, ondo bidean, jokalari eta talde tekniko guztia izango da Las Rozasen lehian. Horien artean, bost herritar: Javi Solchaga eta Julen Ormazabal entrenatzaileak, Jon Presa prestatzaile fisikoa eta Izaskun San Aniceto eta Ainara del Olmo jokalariak.