Bi positibo Gipuzkoan eta hildakorik ez, azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ekainaren 16a

Euskal Autonomia Erkidegoan hamahiru PCR positibo egon dira eta ez da hildakorik egon, azken 24 orduetan. Positibo horietatik bi Gipuzkoan izan dira

Covid-19 birusaren hedapenaren datuen eguneraketa egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak egunero bezala. Eskainitako datuen arabera, EAEko 214.000 pertsonari egin zaizkie probak pandemiaren hasieratik, hau da, biztanleriaren %10ari egin zaio Covid-19aren probaren bat. 20.448 pertsonek eman dute positibo.

Atzo 3.949 proba egin ziren - 3.465 PCR eta 484 test azkar- eta horietatik, hamahiru PCRk positibo eman zuten eta hamazazpi test azkarrek baieztatu zuten birusa igaro izana. PCRen baiezkoak lurraldeka honela banatu ziren: Gipuzkoan bi, Araban sei eta Bizkaian bost. 

Ekainaren hasieratik herrietako daturik berritzen ez denez, Lasarte-Oriako kopurua berdin mantentzen da, 53 kasu positibo.

Datu horiei aurre egiteko, heriotza kopurua eta birusa gainditu duten pertsonen kopurua daude. Covid-19ak eragindako heriotzarik ez zen egon atzo; 23 pertsonek Covida gainditu zuten eta zazpik jaso zuten alta. Horrez gain, ZIUn dauden pertsonen kopuruak ere behera egin du, hamasei pertsona daude gune horretan ospitaleratuak, atzo baino bi gutxiago.