Pilota profesionala martxan jarri da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 15a, 09:45

Ekainaren 24a, Astelena pilotalekua, arratsaldeko 17:00etan. Ondo bidean, pilotari eta pilota zaleentzat hitzordu garrantzitsua izango da. Hiru hilabetez etenda egon ostean, esku pilota jaialdiak itzuliko dira. Axier Arteaga, Arteaga II herritarrak 'pozik jokatuko luke' itxialdiaren osteko lehen jaialdian

2020 urteko bikotekako txapelketako finalerdia jokatu zenetik hiru hilabete igaro dira. Itxialdiarekin txapelketa eta pilotarien jarduna bertan behera geratu zen.

Normaltasun’ berrirako bidea egiten ari dira, pilotariak eta enpresak ekaina amaierarako berriro ere prest egoteko. Etxetik pilotalekura, banaka entrenatzetik taldean lan egitera… arintze egoera eta osasun neurriak pausoz pausoa jarraitzen ari dira pilotariak Baiko enpresako Axier Arteaga, Arteaga IIak azaldu bezala.

Lasarte-Oriako udalak baimena ukatu ostean, maiatzaren 13az geroztik, Aginagako frontoian entrenatzen ari da herritarra. Egoerak ahalbidetzen zuenaren arabera, bakarka, Arangurenekin edo beste pilotariekin batera lan egin du Arteaga IIak. “Lehengo astean astearte eta ostegunean egin genituen saioak. Aimar Olaizola, Imaz eta Aranguren, laurok batu ginen”.

Entrenamendu saio ederrak egin zituztela onartu du herritarrak. “Nabari da lanean egon direla. Ni ez nago guztiz puntuan. Baina entrenamenduetan sentsazio onak izan nituen. Gustura nago egindako lanarekin”.

Lehen partidak

Jaialdiak antolatzen hasiko zirenaren zurrumurruekin bat, Baiko eta ASPE enpresek ERTEak bertan behera utziko zituztela direla jakitera eman zuten lehengo astean.

Irun edo Eibar. Ekaina bukaera edo uztaila hasiera, Data eta kokaleku ezberdinak zeuden airean pilotako lehen jaialdirako. Egun, badago data zehatza eta ondo bidean, ekainaren 24an, Eibarko Astelena izango da itxialdiaren osteko lehen jaialdia biziko duen pilotalekua. San Juan jaietako jaialdi horretan ASPE eta Baiko enpresetako pilotariek bikote mistoetako partidak jokatuko dituzte.

Edukiaren erdiarekin bada ere, ateak irekita jokatuko dute jaialdia. Pilota zaleek aukera izango dute Astelenan bertan partida horietaz gozatzeko. Hala ere, pilotalekuaren edukiaren %60a baimentzeko negoziaketetan daudela jakitera eman dute enpresek.

Partiden itzulerarekin pilotariak poz arren daudela adierazi du Arteaga IIak. “Poz handia ematen du berriro ere bueltatzeak. Gure pasioa hori da, pilotan jokatzea. Egunero entrenatzeko motibazio hori izateak poz handia ematen dit niri”.

Enpresen esku dago ordea, lehen jaialdi horretan zein pilotarik jokatuko duten erabakitzea. Baikok herritarra aukeratuz gero, “gustu handiz jokatuko” lukeela jakitera eman du. Horregatik, hitzordurako prest egotea espero du Arteaga IIak.

Horrela ez bada ere udan zehar jokatzeko aukera izango du herritarrak, pixkanaka pixkanaka pilota jaialdien etorkizuna argitzen baitoa. Ordizia, Azpeitia, Elgoibar… beste herri batzuk ere partidak antolatzeko asmoa erakutsi dute. Hori dela eta, enpresek udan bikotekako jaialdiak egotea aurreikusten dute. Uda ostean, berriz, bikotekako txapelketari jarraipena eman ahal izatea espero dute, baita banakako, zein lau eta erdiko txapelketak jokatzea ere.

Segurtasun eta osasun neurriak ez dira oztopo izango. “Onartu behar da oraindik birusa gure artean dagoela eta neurri batzuk jarraitu behar direla,” adierazi du Arteaga IIak.