Bi positibo berri erregistratu dituzte Gipuzkoan azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 14a, 13:11

Euskal Autonomia Erkidegoan bederatzi kutsatu berri egiaztatu dituzte, larunbatean; baita hiru hildako ere. Azken egunetako kasu berrietako bat ere ez da Lasarte-Oriakoa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguerdiro bezala COVID-19aren hedapenari buruzko datuak eguneratu ditu. Azken bi egunetan Gipuzkoan hamaika kutsatu berri egiaztatu dituzte. Horietako bat bera ere ez Lasarte-Orian edo Buruntza-Beterrin. Ekain hasieran zegoen datu bera mantentzen da herrian, alegia, metatutako kasuen kopurua 53 da, eta hildakoak, hiru.

Larunbatean, 4.060 proba egin zituzten, 3.976 PCR eta 84 test azkar. Lehenengoen bidez, bederatzi kutsatu berri erregistratu zituzten,  bina, Gipuzkoan eta Araban; eta bost, Bizkaian. Horiek batuta, lurraldeka honakoa da PCR positibodunen banaketa: 2.276, Gipuzkoan; 3.310 Araban; eta 7.849 Bizkaian. Proba serologikoen bidez, aldiz, bost kasu atzeman zituzten. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, beraz, izandako infekzio bat adieraz dezake.

Pandemiaren hasieratik 20.415 pertsona eragin ditu koronabirusak. Horien egoerari dagokionean, 13.369 lagun (%65,5)  negatibizatuak daude eta 4.232 lagunek (% 20,7) ospitaleko alta jaso dute. Hildakoak, aldiz, 1.592 dira. Atzo, kutsatutako hiru pertsona hil ziren. Ospitaletako Zaintza Intentsiboko Unitatean, 18 gaixo daude.

Fokuetako egoera

Izurritearen sorburu berrien inguruko informazioa ere eman du Osakidetzak. Basurtuko Unibertsitate Ospitalean gaixoei nahiz profesionalei 2.973 PCR proba egin dizkiete eta 38 positibo izan dira, bezperan baino bat gehiago. Beraz, 14 langile, 12 gaixo eta 12 bisitari edo gertuko lagun kutsatuta daude. Txagorritxun, berriz, 136 proba egin dituzte eta bederatzi positibo daude: lau gaixo, lau bisitari edo gertuko eta langile bat.  Debagoienan, egoera bezperako bera da.