Igerilekuak erabilgarri egongo da bihartik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 14a, 09:42

Ia hiru hilabetez itxita egon ondoren, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuak irekiko dituzte. Abonamendua dutenek bakarrik erabili ahal izango dute, gehienez, astean bi ordubeteko saiotan.

Azken asteetan Udal kirol azpiegiturak gutxika zabaltzen ari da udala, eta, bihar, igerilekuen txanda izango da. Gainerakoen moduan, zenbait murrizketa eta muga ezarri behar izan dituzte erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. 

Edukierari dagokionean, pertsona bakarra izango da kale bakoitzeko ontzi handian eta bi ontzi txikian.  Igerileku txikian, berriz, etxebizitza berean bizi diren hiru pertsona arteko familia unitateak. Soroslea arduratuko da bainulari kopurua eta erabilera baldintzak betetzen direla gainbegiratzeaz.

Aldagelen eta armairuen erabilera ere baldintzatuta egongo da: edukiera murriztua; erabiltzaileen arteko segurtasun tartea; objekturik eta eskuoihalik ez partekatzea; bainujantzia, eskuoihala eta txankletak -nahitaez erabili beharrekoak-etxean garbitzea. 

Erabiltzaileek maskara beharko dute azpiegiturara sartzeko eta segurtasun neurriak nahiz adieraziko zaizkion erabilera jarraibideak bete beharko ditu. 

Abonamendua aktibo duten pertsonek soilik izango dute sarbidea, eta gehienez, astean ordubeteko bi saio erreserbatzeko aukera izango du. Horretarako, aurrez hitzordua egin beharko du kiroldegiko telefonora deitu (943-37 61 82) eta izen-abizenak, abonamenduaren udalerria eta telefono zenbakia adierazita.