Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nagore Murgak prentsaurrekoa eman du eguerdian. Bertan, COVID-19ari dagokionean EAEren datuak eguneratu ditu. Gaur ez dute txostenik argitaratu, baina sailburuak adierazi duenez, atzo 21 kutsatu berri erregistratu zituzten PCR bidez: bederatzina Gipuzkoa nahiz Bizkaian, eta hiru, Araban. Test serologikoen bidez, aldiz, 71 baieztapen egin zituzten. Halaber, koronabirusak eragindako beste bi pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.589 dira pandemiaren hasieratik hildakoak.
Kasu berriei dagokionean, Murgak ezagutarazi du Gipuzkoan ikertzen ari direla Debagoienan izurritearen foku bat ote dagoen. Izan ere, bederatzi positiboetako bostek Aita Menni zentroan lan egiten dute, eta gainerakoen artean harremanik baden aztertzen ari dira. Horrez gain, Basurto eta Txagorritxu ospitaleei buruz ere hitz egin du. Basurton, 37 kutsatu erregistratu dituzte, bezperan baino bost gehiago. 14 bertako profesionalak dira, 12 gaixoak eta 11 bisitak edo gertuko harremana dutenak. Txagorritxu ospitalea, berriz, ez da aldaketarik izan azken orduetan, zazpi positibo daude: hiru gaixo, langile bat eta hiru bisita edo gertuko harremana dutenak.