Amalur Guridi: "Birus berri honi buruz galdera asko geratzen zaizkigu oraindik erantzunik gabe"

Nerea Eizagirre 2020ko eka. 12a, 11:00

Amalur Guridi, eskuinean, eta bere lankide bat babesak jantzita. Arg.: A. Guridi.

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) egiten du lan Amalur Guridi (Lasarte-Oria, 1989) mediku moduan. Larritasun handiena duten gaixoak artatzen ditu ZIUn eguneroko arruntean, eta COVID-19 larrialdian zehar, ospitalizazioko planta arrunt batean egoteko egoeran ez zeuden COVID-19 gaixoak jaso dituzte unitatean. 

Noiz jakin zenuten COVID-19ari buruz? Eta noiz izan zen Donostiako Ospitalean lehen kasua? 

2019 urte amaieran hasi ginen Txinatik lehen albisteak jasotzen. 

Aldizkari medikuen bidez lehen kasuen bilakaera ezagutzen hasi ginen, sintomak, erabilitako tratamenduak eta hasierako emaitzak, babes neurrien erabilera… guztiz ezezaguna zen dena eta gurera kasuak iritsiko zirela pentsatzen genuen arren, ez genekien zenbaterainokoa izango zen kaltea. 

Urte hasieratik babes neurriko jantziak prestatzen hasi ginen, hauek jantzi eta eranzten ikasten, eta protokoloak egiten etorri zitekeenaren aurrean prest egoteko. 

Hala ere espero baino handiagoa izan da gaixotasunaren hedapena eta bilakaera. 

Martxoa hasieran hasi ginen lehen gaixoak jasotzen ZIUn, hasiera batean pixkanaka baina egunik txarrenetan 8 gaixo larri ospitaleratzera ere iritsi gara. Pandemia osoan zehar guztira 60 gaixo inguru izan ditugu gure unitatean. 

Zeintzuk dira COVID-19aren sintomak? Moldatzen joan dira, ezta?

Sintoma ohikoenak sukarra, eztul lehorra, mialgiak (muskuluetako mina) eta ahulezia dira, gripe baten antzerakoak, baina ezohikoagoak diren beste batzuk ere ikusi dira COVID-19 gaixoetan, usaimen eta dastamenaren galera edo beherakoa esaterako. 

Birusak biriketan kalte handiagoa egiten duen kasuetan gaixoek arnasteko zailtasunak izaten dituzte pneumoniak sortzen direlako; eta hauetako askok arnasgailu baten laguntza behar izaten dute euren kabuz arnasteko gai ez direlako. 

Sintomak agertzen dituzten gaixoen gehiengoak (%80) gaixotasun arina izaten duen arren, kasuen %15ak gaixotasun larria eta %5ak gaixotasun kritikoa jasaten du, hauen hilkortasuna handiagoa izanik. 

Zer egin behar du pertsona batek COVID-19 duela uste badu? 

Edozein pertsonak arnas gaixotasunaren sintomak baditu bere familia medikuarekin jarri beharko luke harremanetan ohiko Osasun Zentrora telefonoz deituta, horrela egoera aztertu eta behar diren neurriak hartzeko, froga, tratamendu, isolamendu neurriak eta ospitaleratzeko beharrari dagokienez. 

Osakidetzak programa eta zirkuitu ezberdinak prestatu ditu gaixo hauek modu egokian artatzeko eta kutsatzeko arriskua murrizteko. 

Edozein kasutan, pertsonaren egoera larria bada (arnasestua, konorte mailaren galera…) Osakidetzako larrialdi zerbitzuetara (943 461 111) deitu behar da berehalako arreta jasotzeko. 

Kasu arinak badira etxean bertan pasa daiteke gripe arrunt baten moduan, eta kasu larriak edo beste gaixotasunak dituzten pertsonak dira normalean ospitaleratzen direnak. 

Amalur Guridi  Mujika herritarra Donostiako Ospitaleko ZIUn dago lanean. Arg.: A. Guridi.

Zein da protokoloa ustez COVID-19 duen pertsona bat ospitalera iristen denean? Zein proba egiten dira? Zein da probarik gezurtagarriena?

Aipatu ditugun arnas sintomak dituen gaixo bat ospitalera iristen denean kasu susmagarritzat hartzen da eta babes neurri guztiak hartzen dira gaixoa artatzerako garaian. 

Ospitaleetan gune bereziak prestatu dira horretarako, guk gune 'zikin' eta 'garbi' moduan izendatu ditugunak, beste gaixotasunak dituzten pertsonak kutsatzeko arriskua murrizteko. 

Gaixoei beharrezko frogak egin eta tratamenduak jarri ostean erabaki egiten da etxera bidaltzeko egoeran dauden edo ospitalean geratu behar duten. 

Ospitalean geratzen diren horiek toki batean edo bestean ingresatuta geratuko dira testaren emaitzaren arabera. 

Negatibo ematen duten pertsonak planta arrunt batera eramaten dira eta positibo edo zalantzagarri diren kasuak berriz babes neurriak mantenduko diren beste gune batean ingresatzen dira. 

Gaixo batek COVID-19a duen jakiteko sintomek eta froga osagarriek (analisiak, bularreko erradiografia…) ideia bat eman dezaketen arren testen emaitzak dira diagnostikoa ziurtatuko digutenak. 

Ospitalea bitan berrantolatu dela aipatu duzu. Horrek ere lagundu du egoeraren kudeaketan?

Horrela da, larrialdietako guneaz gain ospitalizazioko plantak ere sailkatu egin dira aipatutako gune 'garbi' eta 'zikinak' bereizteko. 

Gure kasuan, ZIUko unitatean dauzkagun 48 oheak erabili ditugu COVID-19 gaixoak jasotzeko eta gainerako gaixo larriak ospitaleko beste gune batzuetara eraman dira elkarren artean kutsatzeko arriskua murrizteko. 

Sailkapen honek asko lagundu du egoera kudeatzen.Kutsakortasuna murrizteaz gain, oso lagungarri izan da gaixoak hobeto artatzeko.

Zein neurri jarraitu behar izan dituzue Ospitalean langileek?

Gure ohiko egunerokoa nabarmen aldatu da pandemia honetan. 

Betidanik erabiltzen dugun laneko arropa horren gainean babes ekipoak jantzi beharra izan dugu gaixo hauekin kontaktua izaterako orduan, eta gero modu egokian kendu gu geu kutsatzeko arriskua gutxitzeko. 

Esate baterako, babes ekipoak ondo jantzi eta eranzteko denbora behar da, eta hasieran 5-10 minutu behar izaten genituen horretarako.

Horretaz gain, asko izan dira lantokitik atera aurretik dutxatzeko ohitura hartu duten lankideak, eta denok areagotu ditugu esku-garbiketa eta oinarrizko higiene arauak. 

Zuen jarduna nabarmen aldatu dela aipatu duzu, nolakoa izan da aldaketa? 

Hilabete zailak izan dira, lan karga asko handitu delako eta ondorioz lan txanda gehiago egin behar izan ditugulako pandemiako aste okerrenetan. 24 orduko lanaldi gehiago egin ditugu, asteburuetan errefortzuak eta Aste Santuko jaiegunetan ere lanera joan gara egoerak hala eskatzen zuelako. 

Babes neurriekin lan egiteak fisikoki neke handia sortzen du gainera, ez da erosoak eta lanerako modua moldatu egin behar izan dugu zenbaitetan. 

Etxean ere zorroztu behar zenituzten neurriak? Gehiengoari ezarritako neurriez aparte, neurri gehiagorik hartu al duzu?

Gaixoekin lanean aritzeak gure kutsatzeko arriskua areagotu egin du, eta ondorioz birusa etxera eramatekoa ere bai.

Horregatik, oso arduratsuak izan gara babes neurrien erabilera egokia egiten eta higiene neurriak egoki mantentzen. 

Zentzu honetan, Osakidetzak aukera eman digu osasun langileei etxean arrisku taldekoa den norbait izanez gero eta pertsona hau kutsatzeko arriskua murrizteko helburuarekin, pandemiak irauten zuen bitartean horretarako prestatutako ostatu batera joateko eta horrela norberaren etxera itzultzea saihesteko. 

Nire kasuan ez dut ohiko neurriez gain ezer gehiago egin baina aukera hor egon da behar izan duenarentzat.  

Epidemiaren gorenean, zuen unitatean zortzi ospitaleratu izan dituzuela aipatu duzu. Kopuru hori ez da ohikoa?

Ez, zifra horiek altuak dira. Kontuan izan behar da gugana iritsi diren gaixoak larrien zeudenak izan direla, arnasteko zailtasun handiekin, eta ingresatu bezain pronto lokartu eta arnasgailu batera konektatu behar izan ditugula euren kabuz arnasteko gai ez zirelako.

Gehiengoa pertsona adinduak izan dira?

Kasu gehienetan 55-75 urte arteko pertsonak izan dira, baina denetik izan dugu ingresatuta, gazteenak 35 urte ingurukoak. 

Nekeza izan da zuentzat bai fisikoki, baita psikologikoki ere, ezta?

Dagoeneko buelta eman diogu egoerari baina hilabete zailak izan dira, bai fisikoki zein psikologikoki. 

Ezezaguna zen zerbaiten aurkako borroka izan da. Ordu asko eta lan gogorra egitea egokitu da eta egoera pertsonal gogor asko bizi ditugu. 

Gaixo hauek ez zuten familiaren bisita jasotzeko aukerarik eta zaila izan da hori kudeatzea. Beldurra, bakardadea, gertatuko zenaren aurrean ezjakintasuna, informazio falta… egoera latza izan da gaixoentzat, hauen familientzat eta baita han lanean egon garen guztientzat ere. 

Egun nolakoa da egoera ZIUn?

ZIUn COVID bakarra daukagu. Bi hilabete pasatxo daramatza gurekin eta hau da lehen olatu honetako gure azken gaixoa.

Beraz, egoera lasaitu da. Gobernuak hartutako neurriek balio izan dute? 

Garbi dago egoera hobetu egin dela, kasu positibo eta hildakoen kopurua jaisten ari da eta prozesu honetan zerikusi handia izan dute gobernuak hartutako konfinamendu neurriek. 

Nabarmen ikusi genuen ospitalean nola, etxeratze agindua jaso eta hurrengo hamabost egunetan, kasuak jaisten hasi zirela pixkanaka. Honek erakutsi zuen isolamendu neurriak eraginkorrak zirela eta gaixotasunaren hedapena jaitsi egin zela. 

Konfinamendu arintzeak kutsatuen kopuruan gorabeherak sor ditzake? 

Egia esan inork ez daki zein izango den birusaren bilakaera datozen hilabeteetan. 

Kutsatuta dauden baina sintomarik ez duten pertsona horiek gaixotasuna hedatzen jarraitu dezakete, eta hau errazagoa izango da jende pilaketak dauden egoera zein guneetan. 

Konfinamendua arintzen ari garen azken aste hauetan ez da kasu positiboen igoera izugarri bat egon baina toki jakinetan egon dira agerraldiak. 

Azken astean, ospitaleetan eman direnak kasu...

Bai, kasu berriak agertu dira Basurtu eta Txagorritxuko ospitaleetan eta horrek kezka berragertzea ekarri du. 

Agerraldi txikiak dira momentuz eta badirudi kasu positibo guztiak eta hauekin kontaktua izan dutenak identifikatuta daudela, eta beharrezko isolamendu neurriak jarri direla, baina oraindik goiz da kasu berri hauen hedapena zenbaterainokoa izango den esateko. 

Kasu positiboak berriz ere ospitaleetan agertu direnez prebentzio neurriak areagotzeko asmoa duela aipatu du Osasun Sailak egun hauetan. 

Esan beharra dago jada ospitaleratzen diren gaixo guztiei egiten zaiela PCR testa lehen orduetan, eta honen helburua kasu positibo asintomatikoak identifikatzea da, ahalik eta azkarren babes neurriak hartu eta birusa ez zabaltzeko. 

Hasierako test honetaz gain, beste aukerak aztertzen ari dira: ospitaleratuta egon bitartean testak errepikatzea denbora tarte jakin batean, bisitan etortzen diren pertsonei ere testak egitea, tenperatura neurketak egitea… Baina oraindik ez digute ezer gehiago zehaztu.

Birusa ez dago kontrolpean, orduan? 

Oraindik kasu positiboak agertzen ari dira eta honek adierazten du birusak gure ingurunean jarraitzen duela, ez dugula guztiz lasaitu behar eta oso garrantzitsua dela higiene neurri orokorrak egoki betetzea. 

Udazkenean ere berragertzea egon daitekeela diote….
Aukeren artean dago udazkenean gaixotasuna berragertzea ohiko gripearekin batera, baina dena ikusteko dago, birus berri honi buruz galdera asko geratzen zaizkigu oraindik erantzunik gabe.

"Funtsezkoa da esku garbiketa egokia eta distantzia soziala mantentzea"

Pandemiaren eraginez, hainbat hitz ikasi eta osasun neurri oinarrizko batzuk jarraitu behar ditugu. Horiei buruz ere hitz egin dugu herritarrarekin.

Zer da PCR bat, zer da test azkarra eta zer da proba serologikoa? Eta zein datu eskaintzen dituzte?

Gaixotasunaren diagnostikoa egiteko bi test mota daude. 

Alde batetik birusa gorputzean dagoen ala ez aztertzen duten teknikak daude, eta multzo honen barruan sailkatuko genuke PCR testa. 

Test honetan birusaren material genetikoa detektatzea da helburua, gene horiek arnas bideetako lagin batean aurkitzen baditugu birusa bertan dagoela esan nahi duelako. 

Honez gain, badaude teknikak birusaren beste egitura batzuk (proteinak) aztertzeko, antigeno test azkarrak dira hauek. 
Bestalde, bigarren taldean badaude birusaren aurka gorputzak sortutako erantzun immunea neurtzen duten testak, proba serologikoak deitzen direnak. 

Kasu honetan, gaixotasunaren aurka sortzen ditugun antigorputzak dira neurtzen direnak, baina hauek garatzeko normalean astebete inguru behar izaten da gutxienez.

Herritarrei ezarritako neurriei dagokionez, zeintzuk dira nahitaez bete beharrekoak?

Birusa hedatzeko arriskua murrizteko dauden funtsezko bi neurriak esku garbiketa egokia eta 2 metroko distantzia soziala mantentzea dira, eta hau ez dugu ahaztu behar. 

Maskararen erabilerak bere funtzioa dauka baina inola ere ez ditu aurreko neurriak ordezkatzen. Izan ere, distantzia sozial hori bermatu ezin den egoeretan (toki itxietan edo jende asko pilatzen den guneetan) aire bidezko tantatxoen bidez birusa hedatu daitekeenez, maskarak erabiltzeko gomendioa egiten da.

Maskara eraginkorra izateko  garrantzitsua da ondo jartzea (sudurra, ahoa eta kokotsa ondo estali behar ditu), behin jarrita dugula ez dugu ukitzen ibili behar eta kentzerakoan alboetan dituen sokatxoetatik egin behar da, aurreko aldearekin kontaktua izatea saihestuz. 

Maskara motaren arabera (higienikoak, kirurgikoak, FFP2, FFP3, telazkoak...) erabilera denbora jakin bat izango dute eta berrerabilgarri diren horietan ikusi egin beharko dugu zenbat garbialdi diren gomendatutakoak eta nola egin behar diren. Maskara gorde behar badugu poltsa transpiragarri batean egitea gomendatzen da. 

Eskuak garbitzerako garaian nahikoa da ura eta xaboiarekin egitea, eta hau da modurik onena eskuak benetan zikinak baditugu. 

Gel hidro-alkoholikoa ere erabilgarria da eskuak desinfektatzeko eta erosoa da aldi berean, bai edozein gune publikoren sarrera edo irteeran erabiltzeko edo baita gainean eramateko ere momentu jakin batean eskuak garbitu nahi baditugu. 

Hala ere, ura eta xaboiarekin garbituta esku garbiketa egokia egingo dugu.

Maskararen erabilerarena izan da buruhauste gehien eman duena...

Maskararen erabilerak kontraesan handia sortu du gizartean. Osasun zentroetan edo gaixoekin kontaktua zuten pertsonek soilik erabiltzetik gure egunerokoan beharrezko izatera igaro dira. 

Lehenengo egunetan ezjakintasuna nabari zen, zein mota erabili, nola, zein egoeretan… gainera maskarak ez zeuden guztientzat eskuragarri, eta guzti honek nolabaiteko kaosa sortu zuen.

Dagoeneko ezarrita daude maskaren erabilera arauak, maskara motak zein diren ulertu eta nola erabili behar diren ikasi dugu, eta ohitzen ari gara egunerokoan maskara eramatera. 

Herritarrei zein aholku eskainiko zenieke?

Orain arteko neurriak gogorrak izan diren arren emaitza onak eman dituztela esan behar dut eta horrek egin duela gaixotasunaren hedapena murriztea. 

Dena dela, ezin dugu guztiz lasaitu eta oso garrantzitsua da distantzia soziala mantentzea eta eskuen garbiketa zorrotz bat egiten jarraitzea, eta beharrezko kasuetan maskara erabiltzea modu egokian. 

Edozein sintoma susmagarriren aurrean ohiko medikuarekin harremanetan jartzeko gomendioa emango nuke, eta batez ere arrisku taldeetako pertsonekin arreta berezia izatea.