Gipuzkoak ez du positibo berririk izan, azken 24 ordutan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ekainaren 11

13 pertsonek eman dute positibo EAEn, azken 24 orduetan egindako PCR probetan. Bakarra ere ez da Gipuzkoan izan. Kutsatuen datuen kopuruak gora egiten duen arren, osatuen kopuruak ere joera berdina du

COVID-19aren hedapenaren berri eman du eguner bezala Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Eskainitako datuen arabera, EAEn 20.261 pertsonek eman dute positibo pandemia hasi zenetik. Atzo egindako 3.850 PCRen artean 13k baiezkoa eman zuten, 12 Bizkaian eta bakarra Araban. Proba serologikoari esker, 43 pertsonek ere jakin zuten birusa igaro dutela.

Ospitaleen egoerari dagokionez, pertsona bat izan da ospitaleratua, baina 12 izan dira alta jaso dutenak eta 38 pertsonek dagoeneko ez dute birusik. ZIUn ez da kopuru aldaketarik egon, 18 pertsona daude.

Datu baikor horiek ordea, badute bere gurutzea. Atzo 4 pertsona zendu ziren eta guztira COVID-19ak eragindako 1.584 heriotza izan dira EAEn.

Osasun sailak ekainaren 1etik ez du herrietako datu berririk eskaintzen eta ez da aldaketarik izan. Beraz, Lasarte-Orian 53 pertsonek egin diote aurre birusari.