Ikasleek liburutegia erabiltzeko araudia zehaztu dute

Maddi Zaldua 2020ko eka. 10a, 19:11

Segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta arautu dute ikasteko gelaren erabilera

Lasarte-Oriako liburutegiak eguneroko berriari berrekin dio asteotan. Goiz da oraindik herritarren erantzuna nolakoa izango den aurreikusteko, baina, dagoeneko, antzeman dituzte joera batzuk. 

Itxialdia heldu arte, ikaslez betetzen ziren liburutegian ikasteko egokitutako gelak, eta gaur-gaurkoz, erritmoa "oso lasaia" dela aitortu dio TXINTXARRIri, Izaskun Urdanpilleta liburutegiko arduradunak. 

Dena behar bezala zehaztuta eta adierazita dago. Manuel Lekuona eraikinean sartu, eta solairuetara igotzeko eta horietatik jaisteko norabideei jarraituz, "segurtasun osoz" iritsi daiteke hirugarren solairuraino; liburutegiraino. Bertara sartzeko eta bertatik irteteko bideak ere zehaztu dizkiete herritarrei. 

Lasarte-Oriako liburutegian ere, gauzak zertxobait aldatu dira Koronabirusa agertu zenetik. Ikasleen gelan esaterako, 48 ikasle batu zitezkeen itxialdia baino lehen, eta, orain, berriz, erdira murriztu dituzte plaza horiek; 24 ikaslerentzako lekua dago. 

Ikasle mahaiak holtz gardenekin bereizi dituzte, eta mahai bakoitzari zenbaki bana ere jarri diote, mahai bakoitza bi ikaslek erabili ahal izateko. Gerta daiteke, ordea, dauden plazak baino eskabide gehiago egotea. Hori gertatuz gero, goizeko eta arratsaldeko txandak egingo dituztela azaldu du Urdanpilletak, eta eskabideak agortu arte ez da posible izango berriro plaza eskuratzea. Liburutegira ikastera joan nahi duten ikasleek, mahaia erreserbatu behar dute, eta horretarako, 943376181 telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura.

Talde lanak egiteko aukera baztertuta geratu da; Segurtasun distantziak mantenduta taldeetan elkartzeko lekurik ez dagoenez, "ezinezkoa" da talde lanetan aritzea. Urdanpilletak azpimarratu du baita ere, ikasleek sortzen duten zaborra ezin dutela liburutegiko zaborrontzietan bota; "Liburutegiko zaborrontziek hankarekin irekitzeko palankarik ez dutenez, ez daude erabilgarri".

Ohitura aldaketa antzeman dute

Koronabirusak eragindako itxialdiaren ondorioz, ikasleak "etxean ikastera" ohitu direla uste du arduradunak; hain zuzen ere, koronabirusa agertu arteko erabiltzaile kopuruak nabarmen egin duelako behera momentuz behintzat: "Erreserba batzuk egin dizkigute, baina oso geldo doa".

Apalategietako liburuak ez ukitzeko ohar bat ere aurkitu du TXINTXARRIk liburutegira egin duen bisitan. Horietako baten bat behar duten erabiltzaileek, liburutegiko arduradunei eskatu behar diete, eta horiek izango dira liburuak manipulatuko dituztenak. Erabiltzaileek gainera, ezingo dute egokitu zaien eserlekutik altxa, liburutegitik irteteko ez bada. Eta ezin dute ahaztu, liburutegira sartzeko maskara eta eskuak gel hidroalkolikoarekin garbitzea ere ezinbestekoa dela.

Itxialditik hona mailegatutako materiala, berrogeialdian

Koronabirusa agertu eta itxialdiaren ondorioz liburutegia itxita egon den denboran, 1.500 mailegu izan dituzte. Behin ateak zabalduta, mailegu horietatik 1.000 itzuli dituztela esan du liburutegiko arduradunak. Material hori guztia gelatxo batean bereizi dute, berriro ere erabiltzaileen eskura jarri aurretik, hamabost eguneko berrogeialdia igarotzeko.

Dei degin diete lasarteoriatarrei, maileguak itzuli eta liburutegia berriro erabiltzera animatu daitezen: "Segurtasun neurriak zorrotz zehaztu dira, ez da arriskurik".