Bigarren eskuko liburuen azoka antolatu dute, Oriarte BHIn

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 10a, 14:50

Oriarte Institutuko Oriarte kide guraso elkarteak familiek 2020-2021 ikasturteko liburuak erosi ahal izateko DBH3 mailatik 2. Batxilergo mailarako liburuen bigarren eskuko azoka antolatuko du

Bi hitzordu ezberdin izango dira aurten Oriarte institutoko Larrekoetxe eraikinean. DBH3, DBH4 eta 1. Batxilergo mailatako liburuak uztailaren 1an, 16:30etik 19:00etara egongo dira eskuragarri; 2. Batxilergoko liburuak, berriz, uztailaren 17an, 16:00etatik 17:30era.

DBH3, DBH4 edo 1. Batxiler mailako liburuak saldu nahi dituzten familiek ekainaren 26an, 16:30etik 19:00etara utziko dituzte Larrekoetxe eraikinean eta uztailaren 15ean, 16:30etik 18:00etara jasoko ditu guraso elkarteak 2. Batxilergokoak.

Liburuek egoera onean egon beharko dute, “puskatu gabe, eta erabilgarri.” Guraso Elkarteak egiaztatuko du liburuen egoera.

Guraso elkarteak jakitera eman duenez, liburuak gaur egun duten prezioaren erdian baloratuko dira.

Dirua edota saldu ez diren liburuak jasotzeko egunak uztailaren 15a, 16:30etik 18:00etara eta uztailaren 17a, 18:00etatik 19:00etara dira. Jasoko ez balira, eta aurrez kontrakoa esaten ez bada, Guraso elkartearen ondare bihurtuko dira.

Bestalde, Oriartekide guraso elkarteak aurten ez du liburu berririk salduko. Horregatik, Lasarte-Oriako Maite eta Carretero liburu-dendekin liburu horietan deskontuak eskaintzea adostu dute.