EAEko hiru lurraldeetan 20.132 pertsona kutsatu ditu COVID-19ak orain arte; horietatik 17.366 sendatu egin dira edo alta jaso dute ospitalean. 1.577 pertsona hil egin dira; azken 24 orduetan, hiru gehiago. Hiru pertsona gehiago ospitaleratu dituzte koronabirusagatik, eta hemezortzi daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan ingresatuta. R0 edo birusaren birsortze-tasa 1,59koa izan da ekainaren 18an. Hau da, COVID-19a daukan pertsona bakoitzak 1,59 kutsatu ditzake batez beste.
Azken egunetan fokuak agertu dira Txagorritxu eta Basurtuko ospitaleetan. Lehenengoan, lau pertsona kutsatu dira: bi paziente, langile bat eta bisitan joandako pertsona bat. Basurtun, berriz, hogei kasu atzeman dituzte; bederatzik bertan egiten dute lan. Osasun sailburu Nekane Murgak gaur adierazi duenez, "fokuak aztertu eta lokalizatu" egin dituzte, eta gaixoak bakartu. PCR test ugari egin dituzte bi ospitale horietan azken egunetan: 102 eta 230, hurrenez hurren. Kasu berriak "garaiz" atzeman dituztela nabarmendu du Murgak, eta zaintza sare bat osatu dutela. Kutsatuta dauden pertsonen ingurukoak identifikatu dituzte.
Herriz herriko eta eskualdeko datuak
Gipuzkoan 11. egunez positibo berririk atzeman ez dutenez, Beterri-Buruntza eskualdeko zein Lasarte-Oriako datuak ez dira aldatu. Hauek dira, herriz herri:
- Andoain: 48
- Astigarraga: 21
- Hernani: 61
- Lasarte-Oria, 53
- Urnieta: 21
- Usurbil: 14
Herri guztietan atzemandako positibo guztiak batuz gero, eskualdean 218 kasu positibo izan dira orain arte, Osasun Sailaren datu ofizialen arabera.