Positibo berririk ez Gipuzkoan, 11. egunez jarraian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 8a, 17:18

Ekainaren 7ko datu eguneratuak eskaini ditu Osakidetzak: PCR proba bidez zortzi positibo berri atzeman dituzte EAEn. Horietatik zazpi, Bizkaian, eta Araban bestea. Gipuzkoan, bakar bat ere ez, 11. egunez segidan. Lasarte-Orian, ekainaren 1era arte, 53 pertsonari eragin die COVID-19ak.

Pandemia hasi zenetik, 20.076 pertsona kutsatu ditu koronabirusak, datu ofizialen arabera. Sendatu egin dira edo alta jaso dute 15.276k, eta hil egin dira 1.574 –azken 24 orduetan, pertsona bat gehiago–. ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatean ospitaleratuta daude hemezortzi pertsona. R0 edo birusaren birsortze-tasa 1,19koa da une hauetan. Indikadore horrek zehazten du birusa daukan pertsona batek zenbat gehiago kutsa ditzakeen. Ekainaren 7an, igandez, 1.046 PCR proba egin dituzte, eta 57 test azkar.

Eskualdeko datuak

Gipuzkoan 11. egunez positibo berririk atzeman ez dutenez, Beterri-Buruntza eskualdeko zein Lasarte-Oriako datuak ez dira aldatu. Hauek dira, herriz herri:

  • Andoain: 48
  • Astigarraga: 21
  • Hernani: 61
  • Lasarte-Oria, 53
  • Urnieta: 21
  • Usurbil: 14

Herri guztietan atzemandako positibo guztiak batuz gero, eskualdean 218 kasu positibo izan dira orain arte, Osasun Sailaren datu ofizialen arabera.