Gaur ireki dituzte Maialen Chourraut kiroldegiko zenbait gune, moldaketak eginda

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 8a, 14:59

Ia hiru hilabete eta gero, herritarrak ariketa fisikoa egitera itzul daitezke Maialen Chourraut kiroldegiko zenbait gunetara: muskulazio eta ariketa kardiobaskular gela eta padel pistara, hain justu. Igerilekua datorren astean zabalduko dute. Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, aldaketak egin dituzte instalazioetan, eta edukiera maximoa murriztu: erabilgarri dauden guneetan, gehienez, 30 pertsona. Hitzorduak aurrez hartu behar dituzte erabiltzaileek, 943 37 61 82 telefonora deituta. 

Kiroldegira sartzeko eskailerak edo malda igo, eta aurreneko aldaketa: eskuineko atetik sartu behar da instalazioetara, beltz koloreko geziak jarraituta eta bi metroko segurtasun distantzia mantenduta. Behin barrura sartuta, beste ezer egin aurretik, eskuak garbitu behar dituzte erabiltzaileek gel hidroalkoholikoarekin, eskuak iturriaren azpian jarri eta hankarekin pedal bat sakatuta. Harrera-lekuaren alboan gaude, muskulazio zein ariketa kardiobaskular geletara joateko sarbidean. Kirol zerbitzuko langile Anai Salsamendik erakutsi die kiroldegiaren itxura berria kazetariei.

Metro batzuk aurrera egin eta, eskuinetara, squashean jokatzeko gela dago. Muskulazio aretoko zenbait tresna jarri dituzte bertan, gunea bitan banatuz: edukiera maximoa, bietako bakoitzean, bost pertsona. Makina bakoitza garbitu egin behar da erabili eta gero, papera eta desinfektantea erabilita. Zertxobait aurrerago, bizikleta eliptikoak eta korri egiteko zintak daude. Gela horietan ere moldaketak egin dituzte segurtasun neurriak mantentzeko.

Kardioa lantzeko makinak, goian ere bai

Aldaketa horietako bat izan da kardioa lantzeko zenbait makina eta tresna goiko solairuko kantxara eramatea: bizikleta estatiko eta eliptikoak eta arraunean aritzeko ergometroak: bost ilara jarri dituzte, eta tresnen artean beharrezko distantzia mantendu. Beheko makinekin bezalatsu, erabili eta gero garbitu egin beharko dira, papera eta desinfektantea erabilita.

Kiroldegian, asko jota, astero ordubeteko bi saio egin ditzake erabiltzaile bakoitzak, aurrez hitzordua hartuta. Erabilera eta instalazioetan barrena mugitzeko modua guztiz aldatu denez, kirol zerbitzuko kideek gomendatzen dute etxetik "ongi" zehaztuta eramatea egin beharreko ariketa-plana. Kazetariek erabili daitezkeen gelak hutsik topatu badituzte ere –11:00etan joan dira–, "dei ugari" jasotzen ari da kirol zerbitzua, eta asteko saioak antolatzen nahikoa lan izaten ari dira. Gaur hots egiten duen pertsona batek aste honetarako saioak programa ditzake; ostiralean deituko balu, adibidez, datorren asteko igandera artekoak lotu ahalko lituzte kirol zerbitzuko langileekin.

Aldagelak eta komunak, itxita

Aldagelak eta komunak itxita daudenez, erabiltzaileek nahitaez kirol arroparekin sartu beharko dute azpiegiturara eta beraien eskuoihala eraman. Maskara derrigorrezkoa da, baita helarazitako jarraibideak nahiz segurtasun neurriak betetzea ere: eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea sarreran, segurtasun tartea mantentzea, erabiltzaileen areko gurutzaketan saihestea, erabilitako materialak garbitu eta desinfektatzea.