Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak EAEko egoera epidemiologikoaren eguneraketa egin du. Larunbatean, 2.423 proba egin zituzten, 1.884 PCR eta 539 test azkar. PCR bidez zortzi kutsatu berri erregistratu zituzten, launa Araba eta Bizkaian. Beraz, hamargarren egunez jarraian, Gipuzkoan ez dute positibo berririk atzeman.
Bestalde, test azkarren bidez, hamahiru kasu detektatu zituzten. Probak hartutako immunitatea neurtzen du, alegia, pertsona batek sortutako antigorputzak, eta iraganeko infekzioa adieraz dezake.
Bi proba mota hauen bidez, guztira, 20.137 kasu positibo egiaztatu dituzte EAEn pandemiaren hasieratik. Gehienak, % 84,3, osatu egin dira edo alta jaso dute, baina 1.574 hil egin dira. Hain zuzen ere, atzo, hiru heriotza berri izan ziren. Oraindik sendatu ez direnetatik hemezortzi lagun Zaintza Intentsiboko Unitatean daude.
Eskualdeko datuak
Gaurko txostenean udalerri eta osasun eremu bakoitzean COVID-19ak ekainaren 1a arte izandako eragina xehatuta jaso dute. Kontuan izanda azken hamar egunetan ez dela kutsatu berririk izan Gipuzkoan, kopuruak ordura arteko berberak dira. Beterri-Buruntza eskualdean 218 kasu izan dira orain arte. Udalerrika banatuta, hauek dira kopuruak.
- Andoain: 48
- Astigarraga: 21
- Hernani: 61
- Lasarte-Oria: 53
- Urnieta: 21
- Usurbil: 14
Hildakoei dagokienean aldeak egon daitezke osasun eremuka sailkatutako hauekiko:
- Andoain: 2
- Hernani-Urnieta-Astigarraga: 1
- Lasarte-Usurbil: 4
Horrez gain, koronabirusak egoitzetan dauden pertsonengan izan duen eraginari buruzko zehaztapen ugari ere bildu dituzte. Esaterako, adin tarte bakoitzeko kutsatuak egoitzetan eta haietatik kanpo banatuta eta zein egoeratan dauden.