Fase aldaketarekin batera, udalak kirol azpiegiturak berriro martxan jartzeko beste pauso bat emango du bihar: Maialen Chourraut kiroldegiak ateak zabalduko ditu, ia hiru hilabetez itxita egon ondoren.
Ez da, ordea, azpiegitura osoa erabilgarri egongo. Padel pistak eta muskulazio zein ariketa kardiobaskular gelak besterik ez dituzte irekiko. Era berean, edukiera ere murriztu egin behar izan dute erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Horregatik, pertsona bakoitzak, gehienez, astean bi saio erreserbatzeko aukera izango du, bakoitzak ordubeteko denbora muga izanda.
Sarbidea abonamendu txartela aktibo duten pertsonek bakarrik izango dute, aurrez hitzordua eginda. Horretarako, kiroldegiko telefono zenbakira deitu behar dute ( 943-37 61 82) eta erabiltzailearen izen-abizenak, zein udalerritako bazkide den, adina eta telefono zenbakia adierazi.
Aldagelak eta komunak itxita egongo direnez, erabiltzaileek nahitaez kirol arroparekin sartu beharko dute azpiegiturara eta beraien eskuoihala eraman. Maskara derrigorrezkoa da, baita helarazitako jarraibideak nahiz segurtasun neurriak betetzea ere: eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea sarreran, segurtasun tartea mantentzea, erabiltzaileen areko gurutzaketan saihestea, erabilitako materialak garbitu eta desinfektatzea.