Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak prentsaurrekoa eman du eguerdian Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera. Astelehenetik aurrera 3. Faseak ekarriko dituen aldaketekin batera, COVID-19aren pandemiaren egoera epidemiologikoari lotutako datuak eguneratu ditu.
Horien arabera, atzo, ostirala, lau kutsatu berri erregistratu zituzten EAEn, hiru, Bizkaian; eta bat, Araban. Bederatzigarren egunez jarraian, Gipuzkoan ez da positiborik gehitu. Egindako 2.708 PCR probez gain, 1.301 proba azkar egin zituzten. Azken hauen bidez, 61 baieztapen izan ziren.
EAEn 20.117 kutsatu izan dira, orotara. PCR bidezko baieztapenak bakarrik sailkatzen ditu Osakidetzak lurraldeka, datuak honakoak dira: Gipuzkoan, 2.708; Araban, 3.019; eta Bizkaian, 7.620.
Orain arte, 1.571 pertsona hil dira, atzo erregistratutako zazpi heriotzak gehituta. Sendatuak edo alta jaso dutenak, berriz, 16.923 dira, atzo, 70 lagunek jaso zuten berri ona. Halaber, lau lagunek utzi zuten Zaintza Intentsiboko Unitatea. Orain, 17 gaixo daude bertan.