Teresak ez du asteburuan Zabaleta sorginduko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 6a, 10:08

Zabaletako Festa Batzordeak eraki du ekainean festarik ez ospatzea. Ez dituzte bertan behera utzi, ordea. Aurten jaiak egiteko asmoa dute nahiz eta data zehatzik ez izan oraingoz.

Asteburuan ospatzekoak ziren Zabaletako jaiak, baina Teresa sorginarekin hitz egin ondoren, Zabaletako Festa Batzordeak ez egitea erabaki du. Hala ezagutarazi du taldeak idatzi baten bidez. Ekimenak burutu ahal izateko bete beharreko segurtasun baldintzek erabaki zail hori hartzera eraman baditu ere, kideek nabarmendu duten aurten auzoko jaiak egin egingo dituztela, nahiz eta ohiko datan ez izan. 

Azken hilabeteotan festak burutzeko nahiari eutsi diote, "nolabait moldatuko gara" pentsatuta. Duela bi aste hainbat auzotar elkartu ziren egungo egoeran festa nola egin ikusteko. “Ez zen erraza izan, baina azkenean egitarau xume bat antolatu genuen: Kalejira eta Basotxo plazan gure kantu kuttunenak dantzatzea”. Proposamena prest zutela, udalari baimena eskatu zioten, eta horri erantzuna ostegunean jaso: jaiak gauzatzeko aukera izango zuten, baina segurtasun neurri zorrotzak ezarrita. Maskara eta tartea gordetzeaz gain, gehienez, 50 lagunek parte hartu ahalko lukete jardueretan, gainerakoek balkoietatik jarraitu beharko lukete, eta jai batzordeak udalari jakinarazi beharko lizkioke horien izen-abizenak ekitaldiaren aurretik. 

Hori horrela, beste bilera bat egin zuten ostegunean egoera baloratu eta erabaki bat hartzeko. "Amore eman" eta ekainean festak aurrera ez eramatearen alde egin zuten. "Egoerak, segurtasun baldintzak eta eguraldi aurreikuspenek itotzen gaituzte". Edonola, esan bezala, aurten auzoko jaiak egiteko asmoa dute. "Teresa ez da erori, abarkak lotzeko makurtu da soilik. Indarrak hartzeko. Eguzkia aterako da, eta lehenengo printzarekin hegaz aterako dela zin egin du. Udan, abuztuan edo irailean, edo... Baina, aurten, berriz ere lehertuko da auzoan alaitasuna. Zalantzarik ez izan".