Eusko Jaurlaritzaren osasun sailak eguerdian egin du koronabirusaren hedapenari buruzko datuen eguneraketa. Atzo, ekainak 4, 4.054 proba egin zituzten, 1.106 test azkar eta 2.948 PCR, eta lau kutsatu berri erregistratu. Azken egunetako joerari jarraituta, bat bera ere ez dute Gipuzkoan atzeman, bina, ordea, Araban eta Bizkaian. Halaber, proba serologiko bidezko 56 baieztapen izan ziren. Horiek batuta, martxotik hona, 20.056 pertsona kutsatu ditu COVID-19ak. Lurraldeka: Gipuzkoan, 2.313: 3.018, Araban; eta 7.617, Bizkaian.
Hauen egoerari erreparatuta, ostegunean koronabirusak eragindako hiru pertsona hil ziren. Guztira, 1.564 dira. Beste aldean, osatutakoak edo alta jasotakoak 16.853 dira, bezperan baino 96 gehiago. Gainerako, 1.639ak, aldiz, oraindik ez dira sendatu.
Ospitaleetako egoera gero eta baikoirragoa da. Atzo ez zuten PCR bidez positibo emandakorik ospitaleratu eta ZIUn asteazkenean baino lagun bat gutxiago dago, 21. Horri horrela, 0,76 da birusaren birsortze tasa (kutsatutako pertsona bakoitzak zenbat lagun kutsa ditzakeen adierazten du).
Bilakaera kontuan izanda, astelehenean hirugarren fasean sartuko da erkidegoa. Hala baieztatu du Salvador Illa Osasun Ministroak; baldintza zehatzak, berriz, asteburuan ezagutaraziko ditu Eusko Jaurlaritzak.